San Fermin Ikastolak Nafarroa Oinez 2012ko abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu ekainaren 29an emandako prentsaurreko batean, eta kasu bietan “Kolore&hitz” aurtengo leloa ardatz izan da, alegia, kolorea eta hitza edota kolore anitz, kontzeptu horiekin laburbildu nahi baita Zizur Txikiko ikastetxearen ibilbide luzea: 40 urte baino gehiago euskaraz irakasten, txuri eta beltzeko garai zailetatik oraingo errealitate koloretsura.
Modu berean, Ikastolak Sanferminetako Oinez Txosnako programazioa aurkeztu du. Prentsaurrekoan agertu direnak hauexek izan dira: San Fermin Ikastolako zuzendaria eta lehendakaria, Pilar Vicente eta Javier Barcos, hurrenez hurren, eta Trikidantz taldeko Arkaitz Mindegia. Nafarroa Oinez 2012ko abestiaren hitza Julio Sotorena da, San Fermin Ikastolako ikasle ohia eta Nafarroako Bertsolarien Txapelketako txapelduna, eta kantuaren bidez adierazi nahi da hizkuntzek mundua kolore anitzez margotzen ahal dutela eta Nafarroa Oinezen eta ikastolen koloreak euskararenak direla eta euskararen bidez ere, euskara erabiliz, mundu desberdinak margotzen ahal direla.
Musika, berriz, Trikidantz taldeak egin du eta hautatu zen lehiaketatxo baten ondoren. Aire alaia eta sarkorra da, dantzatzeko modukoa. Bideoklipari dagokionez, San Fermin Ikastolako pilotalekuan gehienbat gertatzen den istorio bat kontatzen da, hau ere margoei eta koloreei lotuta. Irudietan jende pilo bat dabil hormirudi bat margotzen eta margoekin jolasten, baina emaitza bukaerara arte ez da ikusten eta azkeneko eszenan agertzen dena da aurtengo logotipo koloretsua horma batean margotua.
Jatorrizko ideia Iñaki Aristimuño Ikastolako ikasle ohiarena da. Aristimuño gidoilari profesionala da eta, bertzeak bertze, Aquí no hay quien viva telesaioko gidoian parte hartu izan du. Gidoi teknikoa eta errealizazioa, berriz, Santi Echeverriarenak dira. Azken hau Ikastolako aita da eta Ikus-entzunezko komunikazioko irakasle dabil Nafarroako Unibertsitatean. Bideoklipean Ikastolako komunitateko hainbat lagun aritu izan dira (ikasleak, irakasleak, langileak, gurasoak) eginkizun desberdinetan: produkzioa, grabaketa, aktore / aktoresak.