Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Iparraldeko Joku Torneoaren hirugarren eta hondar jardunaldia jokatu zen uztailaren 1ean Burgin.
Koxkor biltze txapelketan, Fernando Etxegarai, Eder Goldarazena, Andoni Lasagak eta Igor Urtasunek ez zuten parte hartu. Beraz, hiru kirolari bakarrik lehiatu ziren eta horien artean Patxi Irazoki igantziarra izan zen bizkorrena (6:38), Iñaki Telletxea elizondarra izan zen bigarren (6:51) eta Berriozarko Oier Etxeberria hirugarren (7:34). Hiru jardunaldien artean bi denborarik onenak kontuan hartuz, bortz lehenbizikoek lortu dute uztailaren 28an Elizondon jokatuko den Nafarroako koxkor biltze txapelketarako txartela. Fernando Etxegarai (12:48), Patxi Irazoki (12:53), Iñaki Telletxea (13:41), Eder Goldarazena (13:54) eta Igor Urtasun (14:28) izanen dira.
Harrijasotzen Xabier Ariztegi etxalartarrak ezin izan zuen hirugarren jardunaldian parte hartu. Hori dela eta, bi lehenbiziko jardunaldietako altxaldien batura egin zen eta Josetxo Urrutia suertatu da graile (6.775 kilo), Xabier Ariztegiren aitzinetik (6.537,5 kilo).
Lasto altxatzen Karlos Sein nagusitu zen berriz ere igantziarren arteko lehian, 11 altxaldirekin. Arkaitz Retegik eta Eneko Telletxeak zortzina eman zuten. Azken sailkapenean ere Karlos Sein izan da irabazle, 33 altxaldirekin.
Zakularien lasterketan segundu eskas izan zen Berriozar A garailearen (1:35:99) eta Berriozar B bigarrenaren artean (1:36.77). Cendea de Olza izan zen hirugarren (1:39.19). Halere, sailkapen orokorrean Berriozar B (Anai Lakarta, Oskar Aguas eta Oier Aizkorbe) nagusitu da.
Txinga eramaten, Arazuriko Francisko Etxeberriak 448 metro egin zituen, Berriozarko Imanol Martinek 382 metro terdi eta Iberoko Adrian Berruezok 143,10metro. Fran Etxeberria nagusitu da sailkapen orokorrean ere.