85 urteko gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen joan den astean Senperen (Lapurdi), Urguri auzoan. Eskopeta batekin burutu zuen erasoa, sabelean tiro eginda, astebukaeran jakin denez, eta ondoren bere burua hil egin zuen.
Sud Ouest egunkariak eman zuen uztailaren 1ean albistearen berri. Gizonezkoak 85 urte zituen, eta emazteak, 42 eta orain dela hiru hilabete ezkondu ziren. Bizilagun bat bikotearen etxera joan eta gorpuak aurkitu zituen. Ikusteko dago noiz gertatu zen erasoa, bizilagunaren arabera zenbait egun baitzeramatzan bikotekideen berri jakin gabe.
Poliziak uste du joan den astelehena eta ortzeguna bitartean gertatu zela hilketa. Hainbat egunez leihoak irekita eta telebista piztuta ikusirik joan zen bizilaguna bikotearen etxera. Emakumearen gorpua logelan aurkitu zuten, eta gizonarena, egongelan.
Horrez gain, Poliziak emakumearen maleta batzuk aurkitu zituen garagean. Poliziak esku artean darabiltzan hipotesien artean dago emakumeak etxea nahi izan zuelako hil zuela gizonak. Bizilagunen arabera, ohikoak ziren bien arteko liskarrak.