Euskal Herriko segalari txapelketaren finalean izanen da Jon Kanflanka leitzarra

TTIPI TTAPA 2012ko uztailaren 2a

Mikel Alkorta donostiarrak lortu zuen belarrik gehien ebakitzea. Koldo Alduntzin

Ekainaren 30ean Erratzuko Iñarbilen jokatu ziren finalerdietan lortu zuen sailkatzea

Euskal Herriko segalari txapelketaren finalerdiak jokatu ziren ekainaren 30ean, larunbat arratsaldean Erratzuko Iñarbil auzoan. Segalariak ordu erdiko txandetan aritu ziren, ahalik eta belar-kilo gehien ebakitzeko helburuarekin, baina txukuntasuna ere kontuan hartu zen zigortzerako orduan. Azkenean epaileak ez zuten txartel gorririk erakusteko beharrik izan.

Euskal Herriko segalari txapelketaren finalerdiak jokatu ziren ekainaren 30ean, larunbat arratsaldean Erratzuko Iñarbil auzoan. Segalariak ordu erdiko txandetan aritu ziren, ahalik eta belar-kilo gehien ebakitzeko helburuarekin, baina txukuntasuna ere kontuan hartu zen zigortzerako orduan. Azkenean epaileak ez zuten txartel gorririk erakusteko beharrik izan.

Lehenbiziko finalerdian aritu zen Jon Kanflanka leitzarrarra, Amasa-Villabonako Garikoitz Etxeberria eta Mikel Alkorta donostiarrarekin batera. Segalari bakoitzak bosna sail izan zituen lana egiteko, baina soilik Alkortak ekin zion bosgarren sail horretako lehen mailari. Hain zuzen ere Alkorta donostiarra aritu zen hasieratik probaren buruan, sailei eta denborei dagokienean eta sasoiko dagoela erakutsita, 1.537 kilo terdi ebaki zituen. Txomin Alkorta lehengusua aritu zitzaion sega erraizten eta Igor Esnaola laguntzen. Bigarren postuan, berriz, Kanflanka jarri zen hastapenetik eta horrelaxe bukatu zuen saioa, 1.307 kilo ebakita eta finalerako txartela lortuz; Joxejabier Ariztimuñok erraiztu zizkion segak. Etxeberriak ongi eutsi zion hasieran Kanflankari, baina pixkanaka atzeratu egin zen. 1.097 kilo moztu zituen. Segalari bakar batek ere ez du txartel gorririk jaso eta ez dute zigorrik izan.

Bigarren finalerdian, berriz, Asteasuko Juan Joxe Lizaso iazko txapelduna (Asteasu, 51 urte), Angel Maguregi bizkaitarra, Jon Intxaurbe (Zeanuri, 36 urte) eta duela bi urte Euskadiko txapeldun izan zen Jesus Mª Ormaetxea “Urki” (Orendain, 36 urte) lehiatu ziren.

Segalari bakoitzak launa saila izan zituen ebakitzeko prest, eta, Lizasok eta Urkik akitu zuten hirugarren saila; Maguregiri, berriz, bospasei segakada falta izan zitzaizkion. Lizaso aritu zen aitzinetik sailak ebakitzen hasiera-hasieratik, indartsu eta ebakera dotorea eginez. 1.482 kilo moztu zituen azkenean. Antonio Rezabalek erriztu zizkion segak eta Mikel Aranalde aritu zitzaion aholkuak ematen. Urkik hirugarren sailean lortu zuen bigarren postuan jartzea, eta postu horretan akitu zuen, bai sailei dagokienez bai finalerdian, 1.471 kilo terdi moztuta. Bi bizkaitarren arteko lehia izan zen txandako postua hobea egiteko, eta une batzuetan Intxaurbe aurretik aritu bazen ere, azkenean Maguregik aurrea hartu zion.

Beraz, erabakiak gelditu dira uztailaren 15ean Leitzan, eguerdiko 12:00etatik aurrera jokatuko den finaleko protagonistak. Mikel Alkorta, Juanjoxe Lizaso, Jexuxmari Ormaetxea eta Jon Kanflanka herritarra ariko dira nor baino nor gehiagoka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun