Ainitzek diote lurrikara gertatu zela aurtengo hauteskunde legegileetan, aspaldiko partez eskuinak bozak galdu baitzituen Frantzian, Iparraldean eta Senperen. Ondoko bortz urteetan diputatu sozialista izanen baitugu: Sylviane Alaux. Hirugarren aldia da Michèle Alliot Marierekin (UMP) lehiatzen zela eta aurtengo uhin arrosak ministro ohia erorrarazi du.
Nicole Péry diputatuaren idazkaria, Ziburuko hautetsia eta Akitaniako lurralde kontseilaria izan da orain arte Sylviane Alaux. Senpere zeharka lezakeen abiada haundiko treinbide berriaren alde dago errotik. Kanpaina denboran ez du batere hori gorde, baina kaltetuen sufrimendua entzuten baitu gai hortaz herri galdeketa egitea proposatuko duela hitz eman du. Hainbertze kritikatzen den proiektuaren alde baldin bada ere, azkenean indartsuagoa izan da MAM baino, azken 26 urteetan Lapurdi kostaldeko diputatua izan dena. Gainerat, kargu hortan ez zelarik gobernuan zegoen, defentsa, barne, justizia eta kanpo gaietarako ministro eta maiz lehen ministro izatekotan izan baita. Zortzigarren aldia zen aurkezten zuela bere burua baina gutik pentsatzen zuten galtzen ahal zuela. Herritar ainitz nekatu dira, batzuek ez diote barkatu Frantziako segurtasun indarrak Tunisiarat igortzea proposatu izana iaz eta bertze batzuek ez dute ahantzi Jon Antza militantea desagertu zela MAM gobernuan zelarik, barne eta justizia ministerioan.
Ipar Euskal Herri osoa bezala, Senpere ere gero eta ezkertiarragoa da hauteskundeen arabera. Seigarren barrutiko 25 herrietan Alauxek 27.648 boz bildu zituen (%51,62) eta MAMek 25.908 (%48,38), eta aldea are haundiagoa da gurean 1.250 boz (%52.99) lehenarentzat eta 1.109 boz (%47.01) bigarrenarentzat. Azken urteetan soziologia aldatu dela ageri da hauteskundez-hauteskunde. Eskuin-zentroko herria izatetik pittaka-pittaka ezkerrak gero eta indar gehiago hartu du nagusitu arte.
2002an, MAMek bozen %62 zituen Senperen, 2007an bortz pundu galdu zituen eta aurten %47. Ezkerreko hautagaiak kontrako bidea egin du, 2002ko lehen itzulian 367 boz baitzituen (%17,39) eta aurtengo bigarren itzulian 1.250 herritarren konfidantza izan du, kasik %5.
ZENTSOA: 1.itzulia: 4.392 2. itzulia: 4.391
PARTEHARTZEA: 1. itzulia: 2.563 2. itzulia: 2.511
BALIODUNAK: 1. itzulia: 2.515 2. itzulia: 2.359
| HAUTAGAIAK | BOTOAK 1. itzulia | % | BOTOAK 2. itzulia | % |
| Michel Alliot-Maire (UMP) | 783 | 31,13 | 1.109 | 47,01 |
| Sylviane Alaux (PS) | 726 | 28,87 | 1.250 | 52,99 |
| Peio Etxeberri-Aintzart (EH Bai) | 450 | 17,89 | ||
| Jean Telletxea (EAJ) | 42 | 1,67 | ||
| F. Jalleau-Longueville (F. Nazionala) | 195 | 7,75 | ||
| Philippe Etxeberri (Amaiur) | 68 | 2,70 | ||
| Marie Contraires (Zentroa) | 86 | 3,42 | ||
| Y. Debarvieux (Ezkerreko frontea) | 67 | 2,66 | ||
| J.F. Zunzarren (Eskuina) | 26 | 1,03 | ||
| Michel Lamarque (Independentea) | 25 | 0,99 | ||
| Sylvie Laplace (NPA) | 5 | 0,20 | ||
| Christophe Leprete (EAI) | 14 | 0,56 | ||
| Michele Noulibos (Lutte Ouvriere) | 28 | 1,11 | ||
| Sophie Hautenauve (Piratak) | 0 | 0,00 |