Sortzez Almandozko Goldaburu baserrikoa bada ere, Doneztebeko Istillanzean bizi da ttikitatik. Patxiku Anduezak 35 urte eman ditu Doneztebeko albiente lanean, joan den urteko azaroaren 25ean, 62 urte bete zituen egunean jubilatu zen arte. San Pedro bezperan, Doneztebeko plazan zegoen builarekin guttik aditu zuten «Gora Doneztebe» oihu egin eta bestei hasiera eman zien txupinazoa bota zuen.
Honorio Taberna alkate zela sartu zen Herriko Etxean lanean eta bestak urte hauetan aunitz aldatu direla dio. Bere aitzinetik Antonio Bereau zen albiente eta gaur egun Tomas Utergak betetzen du lan hori. Lehendik ere suziriak botatuak zituen besta hasieran, «baina inoiz ez lehenbizikoa».
Aurtengo San Pedro bestek egun bat guttiago izanen dute Donezteben, baina 2007ko besten aurrekontuaren erditsua bertzerik ez dute izanen, 34.000 euro, «kirol elkarteek, musika taldeek eta herritar guziek aunitz laguntzen dutelako», Miguel San Miguel alkatearen erranetan.
San Pedro Eguna ortziralean
Ortziral goizeko txupinazoaren ondotik, 11:00etan Done Petri Apostoluaren omenezko Meza Nagusia ospatuko da elizan. Mendi Abesbatzak Lorenzo Perosi presbiteroaren Missa Secunda Pontificalis, Hilarión Eslavaren Tu es Petrus, Madinaren Aita Gurea eta Jose Antonio Irigoien doneztebarraren Agur Doneztebe abestuko ditu. Meza ondotik, Bandera-dantza eskainiko du Eduardo Almandozek eta Trapatana eta bertze dantza tradizional batzuk ere dantzatuko dira, Erreka elkarteko dantza taldearen eta Doneztebeko txistularien eskutik. 11:00etan Erraldoiak eta buruhaundiak aterako dira txistularien bandak lagunduta. 13:30ean aperitiboa eskainiko da Herriko Etxekoaren behean. 17:00etan Herri Kirolak izanen dira Bear Zana pilotalekuan. 19:00etan Erreka elkarteko dantza taldearen eskutik Euskal dantzak izanen dira Bear Zana pilotalekuan. 20:00etatik 22:00etara dantzaldia Izanen da Jalisko Band musika taldearekin. 22:15ean zezezsuzkoa Bear Zana pilotalekuan. 00:30etik 03:30era dantzaldia izanen da Jalisko Band musika taldearekin.
Gazte Burrunba Eguna larunbatean
Ekainaren 30ean, larunbatean, Gazte burrunba Eguna ospatuko da. 09:00etan diana joko da, Corco txarangak girotua. 11:00etan buruhaundiak ibiliko dira herriko karriketan barna. 11:30ean Dantza Jazz emanaldia eginen da kiroldegian, Rebecaren ikasleek eskainia. 12:00etan Doneztebeko mus txapelketaren finala jokatuko da. 14:00etan herri-bazkaria eginen da Intzakardin. Bazkalondoan txaranga eta akordeoi doinuak izanen dira. Gazte Burrunbak antolatzen du bazkaria, Doneztebeko Udalaren laguntzarekin. 17:30ean haurrentzako jokoak eginen dira Intzakardin, Guraso Elkarteak antolatuta. 20:00etatik 21:00etara dantzaldia izanen da Trikidantz musika taldearekin. 21:00etatik 22:00 etara Musika ikuskizuna eskainiko da Santa Luzia plazan: Txalaparta, koral kantua, koreografiak, antzerkia, poesia, dantza eta. 01:00etatik 04:00etara dantzaldia izanen da Trikidantz musika taldearekin.
Ttikienen eguna igandean
Uztailaren 1ean, igandean, txikien udala osatuko da, haurrei eskainitako egunaren barrenean. Goizeko 09:00etan diana joko dute Doneztebeko txistulariek. 11:00etan Herriko Etxean ongi etorria eginen zaio Txikien Udalari. Horren ondotik, alkate txikiak eta honen zinegotziek suziria botako dute. Erraldoiak eta buruhaundiak karrikaz karrika ibiliko dira, Txistularien Bandak lagunduta. 11:00etan Plater-tiroketa izanen da, Ehiza Elkarteak antolatua. 11:30ean Meza, Txikien Udalbatza buru dela eta erraldoiek buruhaundiek eta txistulariek lagunduta. Euskal dantzak ere izanen dira, dantzari txikien eta txistularien eskutik. Buruhandiak herriko karriketan barna ibiliko dira. 14:30ean Txikien Udala aukeratzen parte hartu duten haur guztientzako bazkaria eskainiko da. 16:00etatik 20:00etara haurrentzako kart-ak eta puzgarriak izanen dira Bear Zana pilotalekuan. 20:00etan Herriko Etxean, Txikien Udalbatzak bere agintaritza utziko du. Egun honen oroigarri gisa, Txikien Udalbatzako kideei diploma bana emanen zaie. 20:00etatik 22:00etara dantzaldia izanen da Laiotz taldearekin. 22:30ean Su artifizialak izanen dira eta 01:00etatik 04:00etara dantzaldia izanen da Laiotz taldearekin, bestak akitzeko.