Bazkidearen Egunaren barne, urrian eginen dira Arkupeak-eko omenaldiak

Fernando ETXEBERRIA 2012ko ekainaren 28a

Bi ospakizunak batera egitea erabaki du Zuzendaritzak

Arkupeak Jubilatuen Elkartean ez daude geldi­rik egoteko. Maiatzean­ ia bi astez Benidormen izan ziren 43 bazkide eta irai­laren 27tik urriaren 9ra Benidormera bertze ateraldi bat egitekotan dira. Horrez gain, ekaina­ren 20an Bilbora joatekoak zi­ren eta uztailaren 9tik 17­ra Puente Viesgora­ joanen dira. 
 
Uztailaren 16tik 20ra, berriz, Aragoiko Pirinioetara joateko asmoa dute­, eta han hainbat mendi ibilaldi egitea aurreikusia dute. Uztailaren 26an Aralarko santutegira joanen dira Atautxien Eguna ospatzera. Aurten, gainera, berrikuntza ba­te­kin anto­latu dute irteera. Lehenbizi, Lei­tzako Peru-Harri museoa eta Mendukiloko kobazuloa ikustera joanen baitira. 
 
Abuztuaren 31n Aran­tzazura joanen dira eta irailaren 10tik 16ra, Paris aldera joateko asmoa dute Arkupeak-eko lagu­nek. Uztailaren 9tik 11ra, 948 450878ra deituz eman beharko da izena.
 
Irailaren 14an Lezo bisitatuko dute, eta erran bezala, Benidorm ere bai.
Irteera hauen guztien be­rri­ Arkupeak-ek argita­ra­tu duen laugarren bole­tin informatiboan ageri­ da. Horiez gain, informazio osaga­rria ere ageri da: hala nola, idazkari be­rria Jose Luis Legarra­ izenda­tu dutela, Elgorria­gako bainuetxearekin egindako akordioa nola den edo 2012ko lehen lauhilekoan egindako jardueren laburpena ere bai. Mendiko irteerekin aitzinera segi­tzen dutela ere ageri­ da boletinean, eta dirula­guntzen berri ere bai. Gaur egun Arkupeak-ek 14.962,68 euro hartu ditu, 5.350,83 euro kudeaketarako kontratatua dagoen pertsonarendako eta 9.611,85 euro elkartearen funtzionamendurako. Oraingoz ez dakite­ Nafarroako Gobernuak zenbat emanen duen ekin­tzak eta bidaiak egiteko, ezta zuk aukeratu, zuk erabaki kanpainak segituko duen ala ez. 
 
Bazkidearen Eguna eta omenaldiak batera egiteaz ere ari dira boletinean. Zuzendaritzaren nahia bi bes­tak batu eta urrian­ ospatzea da. Eta ome­­nal­­diak ongi presta­tze­ko, aurten 85 urte bete dituztenei edo ez­kondu­ta 50-60 urte egin dituztenei dei egin diete idazkaritzan utz dezaten euren bizi­tzaren laburpena eta argazki bat ekainaren 30a baino lehen.
 
Abuztuan kaleratuko dute hurrengo boletina.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun