“Bertsolaritza irakaskuntzan” programa bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 28a

Ttipi-Ttaparen eremuan Lehen Hezkuntzako 168 ikaslek landu dute programa hau ikasturte honetan

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa bertan behera uztea erabaki du. Orain dela egun batzuk, telefono dei baten bitartez, hurrengo ikasturtetik aurrera egitasmoak ez duela diru finantzaziorik izanen jakinarazi zuten, horretarako bideratutako partida desagertu behar zelako.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa bertan behera uztea erabaki du. Orain dela egun batzuk, telefono dei baten bitartez, hurrengo ikasturtetik aurrera egitasmoak ez duela diru finantzaziorik izanen jakinarazi zuten, horretarako bideratutako partida desagertu behar zelako.

Modu horretan Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak 2011ko udaran hiru urterako sinatu zuten kontratua deuseztatu du Hezkuntza Departamenduak.

Bukatu berri den ikasturtean 1.100 inguru izan dira programa jaso duten ikasleak, Nafarroako 31 ikastetxetan. Gure eskualdeari dagokionez, 2011-2012 ikasturtean 168 ikasle aritu ziren programa honetan (Baztan Ikastolan 13, Elizondoko San Francisco Javier ikastetxean 56, Doneztebeko San Migel ikastetxean 27, Almandozko eskola publikoan 9, Berako Ricardo Baroja eskolan 24, Leitzako Xalto eskolan 13 eta Leitzako Erletan 26), baina zenbait ikastetxetan txandaka egiten da eta heldu den ikasturtean Zigan, Igantzin eta Arantzan egitekoa zen. Horren trukean, Gobernutik 48.000 euro jaso du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Hezkuntza Departamenduak soilik programaren heren bat finantzatzen zuen, gainerakoa udal eta mankomunitate aunitzen ekarpenari esker finantzatu izan da.

1997tik Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleek “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa jaso dute. Ordutik hona milaka gaztetxok aukera izan dute ikastorduen barruan bertsolaritza eskolak jasotzeko. Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek urte osoko ikastaroa jaso izan dute, asteroko maiztasunez, urritik maiatza bitartean, 30 orduko ikastaroa eginez. Bertsogintzaren oinarrizko ezagupenak eta teknikak ikasteko balio izateaz gain, “Bertsolaritza irakaskuntzan” programak bertzelako onurak ditu ikasleentzat: geletan euskara erabiltzeko modu ezin egokiagoa da, hizkuntzaren alderdi jostagarria erakusten die gaztetxoei, haiena ez den rol bat hartzen eta ondokoa entzuten ikasten dute, ahozkotasunaren garrantziaz jabetzen dira…

Urte hauetan guztietan, Nafarroako Bertsozale Elkartea arduratu da programaren kudeaketaz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin izan dituen kontratuen bitartez. Bertsolaritzan eta hezkuntza baliabideetan formazioa duten irakasle espezialistak arduratu dira eskolak emateaz eta ikastetxeekin koordinatzeaz.

Programa jaso duten ikastetxeek ezin hobekiago baloratu izan dute “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa eta hala adierazi izan diote Hezkuntza Departamenduari urtero eskatzen den balorazioaren bitartez. Modu berean, programa horren ordu kopurua handitzea ere eskatu izan dute urte hauetan guztietan.

Erabaki horren aurrean, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bere harridura, kezka eta haserrea agertu nahi du eta Hezkuntza Departamenduari horren beharrezkoa, onuragarria eta errentagarria den “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa diruz laguntzen segitzea eskatu dio, iaz sinatutako kontratua betez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun