Euskal hiztun aunitzek, euskara mingainean izanda ere, lehen hitza gaztelaniaz egiten dute. Gisako egoerei buelta emateko, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Zergatik ez? tailerra jarri zuen martxan 2010ean. Orain, zabalkundean eraginkorragoak izateko, federazioak Gipuzkoa eta Bizkaiko 12 euskara elkarterekin elkarlanean eskainiko du tailerra. Euskal hiztunak hausnartzen jartzea dute xede. Izan ere, lantzen diren gaien artean parte hartzaileek egoera bakoitzaren aurrean hizkuntza jarrerek izan dezaketen eraginaz gogoeta egiten dute. Euskararekiko jarrera baikorrak sustatu nahi dituzte eta hizkuntza aniztasuna, legezko markoa, hizkuntza kontaktuan eta galtze prozesuak, euskara datuetan, norberaren ibilbidea, erabiltzeko zailtasunen identifikazioa eta etorkizunerako proposamenak lantzen dira. Euskara ezagututa ere, erabilera gune, harreman eta arloak irabazteko dituzten euskal hiztunei dago zuzendua, hau da, euskaldunen gehiengoari. Informazio gehiagorako edo tailerra antolatzeko elkarteekin harremanetan jarri edo 946 215805 eta sonia@topagunea.org.