Erreka Elkarteak seigarren urtez bere egun handia ospatu zuen ekainaren 9an eta beti bezala, partehartze handia izan zen.
Larunbateko plater nagusia eskubaloiko lauko finala izan zen eta izarren taldea atera zen garaile. Harmailak bete-beteak zeudela, 15 minutuko bi partida jokatu ziren lauko finala hasteko. Lehenbizikoan, Errekako beteranoak eta 88ko kinta izan ziren aurrez-aurre eta gazteak nagusitu ziren.
Errekako gaur egungo taldearen eta izarren taldearen arteko lehia, berriz, azken hauek irabazi zuten. Hirugarren posturako lehia, Errekako seniorrek irabazi zieten beteranoei eta final handian, izarren taldea nagusitu zitzaion 88ko kintari.
Partiden artean, Errekako dantzariak aritu ziren eta ondotik, hainbat sariren zozketa egin zen. Horrez gain, goizean, Errekako ttikienen eskubaloi taldeak aritu ziren eta eguerdian bere erakustaldia eskaini zuen Oskar Mindegiak eta Noelia Ariztiak gidatzen duten judo eskolak.
Arratsean, afaria izan zen Santa Luzia plazan eta gaua aunitz luzatu zen, DJ Luismiren doinuen laguntzarekin.
Bezperan, Iñigo Mangado eta Josu Juanenak Marokoko Atlasera egindako bidaiaren ikusentzunekoa ikusgai izan zen zineman eta mus txapelketan 35 bikotek parte hartu zuten. Finalean, Liborio Ariztiak eta Fermin Jorajuriak irabazi zieten Mateo eta Txirriri. Zarbo Ibarrolak antolatu zuen 1 Formula simulatzaileak ere arrakasta izan zuen.