Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finalean izanen da aurten ere Doneztebe

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 27a

Bertze finalista, Iruña eta Burlataren arteko norgehiagokatik aterako da

Joan den urtean txapeldun izan zen Doneztebe aurten ere Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finalean izanen da. Asteburuan jokatu zen azken jardunaldiaren ondotik, lehenbiziko faseko onena izan da Doneztebe, 15 garaipenekin eta hamalauna garaipen lortu dituzten Iruña eta Burlatak elkarren kontra jokatu beharko dute bigarren finalista erabakitzeko.

Joan den urtean txapeldun izan zen Doneztebe aurten ere Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finalean izanen da. Asteburuan jokatu zen azken jardunaldiaren ondotik, lehenbiziko faseko onena izan da Doneztebe, 15 garaipenekin eta hamalauna garaipen lortu dituzten Iruña eta Burlatak elkarren kontra jokatu beharko dute bigarren finalista erabakitzeko.

Ekainaren 23an Burlatan jokatu zuen Doneztebek lehen faseko azken jardunaldia eta bina partida irabazi zituzten Burlatak eta Doneztebek.

Lehenbiziko partidan, alebin mailanb, Doneztebeko Enaitz Telletxea eta Aimar Otxotekok 18 eta 2 irabazi zieten Burlatako Munarriz eta Etxeberriari.

Infantil mailan ere garaipen garbia lortu zuen Doneztebek, Julen Bakaikoak eta Ruben Medinak 18 eta 5 irabazi baitzieten Pedroarena eta Saldias-i.

Jubenil mailan ailegatu zen Burlatakoen lehen garaipena, Agirre eta Alduntzinek 22 eta 10 irabazi baitzieten Doneztebeko Ugaitz Elizalde eta Anduezari.

Senior mailan ikusi zen partidarik orekatuena, baina tantu bakarrarengatik Burlatakoen alde erori zen. Urdaniz eta Azanzak 22 eta 21 irabazi zieten Gaizka Bendoiro eta Jon Gorrititi.

Aipatu bezala, Doneztebek uztailaren 8an jokatuko den finalerako txartela lortu du dagoeneko. Hasiera batean denek ematen zuten faborito joan den urteko txapelduna, baina Patxi Ordoki arduradunak aipatu digunez, «pronostikoek diotena baino estuago dago kontua eta ligaxka hagitz berdindua joan da». Bertze finalista, ligaxkan bigarren eta hirugarren izan diren Iruña eta Burlatak elkarren kontra uztailaren 2an, heldu den astelehenean jokatuko duten kanporaketatik aterako da.

 

Errenteriako txapelketa

Ekainaren 24an, Errenterian jokatu den Zuloaga Memorialaren finalean ere izan zen Errekako ordezkaritza. Infantiletan, Errekako Salaberriak eta Azpeitiako Alberdik 15 eta 18 galdu zuten Azpeitiako Aizpuru eta Oiarbideren kontra. Kadete mailako finalean, aldiz, Errekako Bakaikoa eta Medinak 22 eta 19 irabazi zieten abaka eta Erasuni. Ruben Medina izendatu zuten finaleko pilotaririk onena.

 

Lizarrako txapelketa

Lizarrako txapelketaren finalak ere jokatu ziren asteburuan. Alebin mailan, Gure txokoako Eltzaurdiak eta Errekako Enaitz Telletxeak 18 eta 10 irabazi zieten Lazkaoko Ruiz de Larramendi eta San Migueleko Ruiz de Larramendiri. Infantil mailako finalean, Errekako Salaberriak eta Zugarraldeko Eskirozek 18 eta 1 irabazi zieten Lazkaoko Zubizarreta eta Martitegi bizkaitarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun