Europako kamioi lasterketa txapelketako laugarren proba burutu da asteburuan Nogaron (Frantzia). Javier Mariezkurrena gidari doneztebarrarentzat eta Truck Navarra Competición taldearentzat bigarren proba zen, Jaramakoaren ondotik eta asteburua ongi hasi ez bazen ere, bikain akitu zela erraten ahal da, podiumera igo baitzen.
Larunbateko sailkapen saioan Jaramako sentsazio onekin segitu zuten eta superpolerako sailkatu ziren, hamargarren postuan. Lehenbiziko karreran ez zen gorabehera handirik izan eta Jean Philippe Belloc frantziarra aitzinduta, bederatzigarren akitu zuen Mariezkurrenak.
Larunbateko bigarren karrera izan zen asteburuko gurutzea. Ongi hasi zen, bederatzigarren postutik zazpigarrenera salto eginez, baina Rene Reinert gidariak jo zuen doneztebarraren kamioia, tronpoa eginaraziz eta azken postura pasatuz. Poliki-poliki aitzinera egin zuen berriz ere, baina 12. Posturako borrokan zebilera, Ellen Lhor Mercedesko gidariak doneztebarraren kamioiaren aitzineko ejea hautsi zuen eta erretiratu egin behar izan zuen. Lan aunitz egin behar izan zuten Truck Navarra Competición taldeko mekanikoek.
Igandean ikusi behar zen hauen lana aski zen berriz ere kamioia egoera onean uzteko. Ez ziren ongi hasi, sailkapen proban 13. Izan baitziren. Igandeko lehen karreran bederatzigarren posturaino igo zen Mariezkurrena, baina Makinenek gibeletik jo eta hamargarren akitu zuen. Halere, komisarioek gidari finlandiarra zigortu eta bederatzigarren postura bueltatu zen doneztebarra.
Bederatzigarren postu horretatik hasi zuen igandeko azken karrera Mariezkurrenak. Irteera ona egin zuen eta istripu bat aprobetxatuz bosgarren postura igo zen. Geroxeagok, aitzinetik zeuden kamioi batzuk elkarren artean ukitu eta komisarioek zenbait neurri hartu zituzten. Ondorioz, karrera hirugarren postuan akitu zuen Javier Mariezkurrenak, gaur egungo txapelduna den Jochen Hahn-en gibeletik eta Renault ofizialen aitzinetik. Azkenean, gainera, komisarioek Jochen Hahn zigortu zuten eta bigarren postua izan zen doneztebarrarentzat.
Bukaera bikaina, Europako txapelketako podiumarekin.