Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Iparraldeko Joku Torneoaren bigarren jardunaldia jokatu zen ekainaren 24an Uharten. Ez zen ezusterik izan, baina koxkor biltzen lehia estua eskaini zuten Fernando Etxegarai beratarrak eta Patxi Irazoki igantziarrak.
Azkenean Etxegarai nagusitu zen, baina biek ere marka bikaina egin zuten 50 koxkorrak biltzen. Berakoak 6 minutu eta 12 segundu behar izan zituen eta Igantzikoak hiru segundu eskas gehiago. Hirugarren Berriozarko Eder Goldarazena izan zen (6:43), laugarren Elizondoko Iñaki Telletxea (6:49), bosgarren Etxalarko Andoni Lasaga (6:50), seigarren Burlatako Igor Urtasun (6:58) eta zazpigarren Berriozarko Oier Etxeberria (7:55).
Harrijasotzen ere estu joan ziren kontuak. Azkenean, Josetxu Urrutia leitzarrak 3.150 kilo altxatu zituen, zilindroari 10 altxaldi, kubikoari 8 eta bolari 10 eman ondotik. Xabier Ariztegik ere 3.000 kilo baino gehiago altxatu zituen, 3.037 kilo terdi zehazki. Zilindroari eta bolari hamarna altxaldi eman zizkion etxalartarrak, baina kubikoari leitzarrak baino 1 guttiago, 7.
Lasto altxatzen Karlos Sein nagusitu zen igantziarren arteko lehian, 11 altxaldirekin. Arkaitz Retegik 9 eman zituen eta Eneko Telletxeak 8.
Zakularien lasterketan segundu erdia izan zen Berriozar B garailearen (1:33.19) eta Cendea de Olza bigarrenaren artean (1:33.68). Berriozar A izan zen hirugarren (1:35.25).
Txinga eramaten, Arazuriko Francisko Etxeberriak 14 plaza egin zituen, Berriozarko Imanol Martinek 13 plaza terdi pasatxo, Iberoko Adrian Berruezok 8 plaza eta 12 metro eta Josetxo Urrutia leitzarrak 5 plaza terdi pasatxo. Larragetako Alberto Oteizak ez zuen parte hartu. Ingude altxatzerik ere ez zen egin, aurten ez baitago partehartzailerik modalitate honetan.