Joan den urteko finalistak, Doneztebe eta Iruña aurrez aurre izan ziren ekainaren 16an Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren jardunaldian. Espero bezala, lehia estua izan zen Doneztebeko pilotalekuan eta bina partida irabazi bazituzten ere, etxekoek 11 tantu gehiago atera zituzten.
Alebin mailan, Doneztebeko Aimar Otxoteko eta Enaitz Telletxeak 10 eta 18 galdu zuten Oskoz eta Mataren kontra.
Infantiletan, berriz, Doneztebeko Joanes Bakaikoa eta Ruben Medinak 18 eta 2 irabazi zieten Iruñeko Okiñena eta Iruritari.
Jubeniletan lehia estua izan zen, baina azkenean, Doneztebeko Ugaitz Elizalde eta Adur Lasak 18 eta 22 galdu zuten Espinal eta Cordonen kontra.
Seniorretan, azkenik, Doneztebeko Gaizka Bendoiro eta Jon Gorritik 22 eta 15 irabazi zieten Iruñeko Diaz eta Okiñenari.
Ekainaren 23an, larunbat arratsaldeko 18:00etatik aitzinera Burlataren kontra ariko da Doneztebe, Burlatako Askatasuna pilotalekuan.
Bakaikoa bikain
Herriartekoan ez ezik, Errekako Joanes Bakaikoa bere maila erakusten ari da txapelketa ezberdinetan. Ekainaren 17an, Herrerako eskuz binakako pilota txapelketaren finala jokatu zuen kadete mailan Huarteko Aritz Goñirekin batera eta 22 eta 6 irabazi zieten Huarteko Larunbe eta Sarasati. Finaleko pilotari onenaren saria eman zioten Bakaikoari.
Errenterian ere, ekainaren 19an, kadete mailako finalerdia jokatu zuen Arandia bizkaitarrarekin batera eta 22 eta 13 irabazi zieten Larrea gipuzkoarrari eta Aritz Goñiri. Hemen ere partidako pilotari onena izan zen.