Iparraldeko Joku Torneoaren lehen jardunaldia jokatu zen ekainaren 16an

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 19a

Koxkor biltzen Fernando Etxegarai, harrijasotzen Josetxo Urrutia eta lasto altxatzen Karlos Sein nagusitu ziren

Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen duen Iparraldeko Joku Torneoaren lehen jardunaldia jokatu zen ekainaren 16an, larunbat eguerdian Iruñeko zezen plazan.

Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen duen Iparraldeko Joku Torneoaren lehen jardunaldia jokatu zen ekainaren 16an, larunbat eguerdian Iruñeko zezen plazan.

Sei modalitatetan aritu ziren kirolariak, aunitz eskualdekoak. Koxkor biltzen ez zen ezusterik izan eta Fernando Etxegarai beratarra nagusitu zen (6:36), Patxi Irazoki igantziarra bigarren izan zen (6:47), Iñaki Telletxea elizondarra hirugarren (7:04), Berriozarko Eder Goldarazena laugarren (7:21), Burlatako Igor Urtasun bosgarren (7:30), Etxalarko Andoni Lasaga seigarren (7:40) eta Berriozarko Oier Etxeberria zazpigarren (8:31).

Harrijasotzen, Josetxo Urrutia leitzarra eta Xabier Ariztegi Santxin etxalartarra izan ziren aurrez aurre eta Urrutia nagusitu zen. 3.625 kilo altxa zituen denera, minutu banatan 125 kiloko zilindroari 13 altxaldi, 112 kilo terdiko kubikoari 8 altxaldi eta bolari 11 altxaldi eman ondotik. Ariztegi ez zen urrun ibili, 3.500 kilo altxatu baitzituen. Zilintroari Urrutiak baino altxaldi bat guttiago eman zion (12), baina kubikoari eta bolari 8 eta 11 eman zizkien, leitzarrak bezalaxe.

Lasto altxatzen, igantziarren arteko lehian Karlos Sein nagusitu zen, 11 altxaldirekin. Eneko Telletxeak 9 eman zituen eta Arkaitz Retegik 8.

Ingude altxatzen Berriozarko Iker Lizarraga bakarrik aritu zen eta 47 jasoaldi eman zituen. Zakularien lasterketa estua izan zen eta Berriozar A (Imanol Martin, Iker Lizarraga eta Jose Javier Razkin) 36 zentesimarengatik gailendu zitzaion Berriozar Bri (Oskar Aguas, Anai Lakarta eta Oier Aizkorbe). 4 segundu eskasera sartu zen Cendea de Olzako taldea (Adrian Berruezo, Fran Etxeberria eta Alberto Oteiza).

Txinga eramaten, azkenik, Berriozarko Imanol Martinek kasik 10 plaza eta erdi egin zituen. Arazuriko Francisco Etxeberriak 9 plaza egin zituen, Iberoko Adrian Berruezok 7 plaza, Josetxo Urrutia leitzarrak ia 5 plaza eta Larragetako Alberto Oteizak 3 plaza.

Iparraldeko Joku Torneoaren bigarren jardunaldia ekainaren 24an, eguerdiko 13:00etan jokatuko da Uharte Iruñean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun