Bittoriano Arzuaga harrigilea omendu dute Urrozko Artisauen Egunean

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 18a

Bittoriano Arzuaga, anai-arreba, iloba eta bertze senideekin. Arantxa Iturralde

Mikel Gartzia euskara teknikaria ere gogoratu zuten Malerrekan kantuz ekimenean

Ekainaren 16an Artisauen Eguna ospatu zen Urrozen eta eguraldi bikaina baliatu zuten Bittoriano Arzuaga harigileari ongi merezitako omenaldia eskaintzeko. Horretaz, gainera, Andeetan mendi istripuan hildako Mikel Gartzia euskara teknikaria ere gogoan izan zuten Malerrekan kantuz ekimenean, bera izan baitzen ekitaldi honen bultzatzaileetako bat.

Ekainaren 16an Artisauen Eguna ospatu zen Urrozen eta eguraldi bikaina baliatu zuten Bittoriano Arzuaga harigileari ongi merezitako omenaldia eskaintzeko. Horretaz, gainera, Andeetan mendi istripuan hildako Mikel Gartzia euskara teknikaria ere gogoan izan zuten Malerrekan kantuz ekimenean, bera izan baitzen ekitaldi honen bultzatzaileetako bat.

Goizez, hamabortz bat artisauen lanak ikusteko modua izan zen Urrozko frontoian. Bertzeak bertze, Fulgencio Oteiza, Santiago Hualde, Jose Luis Olaizola, Alvaro Matxinbarre eta Fernando Martinen eskulanak ikusteko eta erosteko aukera izan zen. Gazta egileek gazta lehen egiten zen erara egin zuten eta eskuz, aizturrez, alegia, ardi-ile mozketaren erakustaldia ere izan zen. Jendeak ikusminez ikusi zituen ekitaldiak.

Eguerdian, inguruan eta toki aunitzetan hain­ezaguna den Bittoriano Arzuaga harigileari omenaldia egin zitzaion, 87 urterekin, gaur egun guttik egiten duen eskulan horri eta bere jakinduriari eusteagatik. Inaxio Urroz alkateak eta Patxi Urroz zinegotziak zenbait oroigarri eskaini zizkioten, baita Bertizko Partzuergo Turistikoak ere eta eskulangileak, agintariekin eta anai-arreba eta ilobekin batera argazkiak atera zituen.

Malerrekan Kantuz taldeak bere emanaldia ere egin zuen larunbatean. Malerrekako Euskara Batzordeak antolatuta, herriz-herri euskal kantak abesteko biltzen ari dira azken hilabete hauetan eta larunbatean Urrozek hartu zuen lekukoa. Ekimen honen bultzatzaileetakoa izan zen Mikel Gartzia euskara teknikaria gogoan izan zuten kantariek. Gogoratu behar da Peruko Andeetan zebilela, elur-jauzi batek harrapatu eta hil zela Mikel Gartzia eta hortaz, berari eskainitako kantaldiak aski hunkigarriak izan ziren.

Bertso bazkaria ere izan zen Julio Soto eta Igor Elortza bertsolariekin eta Frantzisko akordeoilaria, berriz, bazkaria eta bazkal ondoa alaitzen ibili zem Arratsaldez eta gauez ere segitu zuen besta giroak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun