Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirol eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren bidez, Kirol Baloreen Sariak 2012 kanpainaren barrenean antolatutako ekitaldien sariak banatu zituen ekainaren 14an, Fuerte del Principe gazte egoitzan.
Guztira 28 sari banatu ziren, kirolean adiskidetasuna, tolerantzia eta balore positiboak bultzatzeagatik. Sari horietako bat Jose Luis Altzugarai “Zikiro”, Lesakako Beti Gazteko kadete mailako mutilen futbol taldeko entrenatzailearentzat izan da.
Bertze aldetik, HH, LH, DBHko lehen zikloa eta Hezkuntza Bereziko ikasleei zuzendutako ipuin eta marrazki lehiaketaren hamargaren edizioa antolatu zen. 6.159 ikaslek hartu zuten parte, 5.071 marrazkitan eta 1.088 ipuinetan, azken horietatik 901 gazteleraz eta 187 euskaraz.
Bada, euskarazko ipuin lehiaketan, Berako Ricardo Baroja ikastetxeko LHKo seigarren mailako Onintza Zapiain Abuinek jaso zuen Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko lehen saria, “Azkenean bizikletaz” ipuinagatik. DBHko Lehen zikloko ipuin lehiaketako lehen saria Doneztebeko Mendaur institutuko Maitane Oteiza Gonzalez gazteluarrak eskuratu zuen, “Segurtasun kaskoa” ipuinarengatik.