«Pilota partida handi bat ekartzea gustatuko litzaidake, baina garestia da eta Donezteben ez du arrakastarik»

Ttipi-Ttapa 2012ko eka. 14a, 16:54

Patxi Ganboak Errekako eskubaloi talde nagusia gidatu du aurten, emaitza bikainekin eta orain, lana dela-eta lehen egunetan Donezteben izaterik ez badu ere, San Pedro bestak hasteko irrikitan dago

Uztailean 44 urte beteko ditu Patxiku Ganboak eta gorputz heziketako irakaslea da. Laxoa Elkartean laguntzen 10 bat urte daramazki eta Doneztebek kirol honetan inoiz izan duen talde oneneko kide izan zen. «Nik jokatutako finaletan, 14 aldiz txapeldun atera baginen ere, harro egoteko arrazoi nagusia, txapel kopurua baino gehiago, talde horretan aritu ahal izana da», dio. Gaur egun Errekako eskubaloi talde nagusiaren entrenatzai­le da, nahiz eta jokalari bezala ia-ia ibili gabekoa den: «Aunitzek orain ulertuko dute zergaitik hainbertze hanka sartze» dio txantxetan. Ikasketetan eskubaloia aukeratu ondotik, Errekan ibili zen entrenatzen hainbat urte eta maila ezberdinetan. Senior taldea urte batzuetan entrenatu ondoren, utzi eta denboraldi honetan berriro hasi da senior taldea entrenatzen, Felipe anaiarekin batera eta Luismi Apeze­txearen laguntzarekin.

Lana izaten duenez, San Pedro bestetako lehen egunetan besta girotik urrun egoten dela aipatu digu Patxikuk: «Ekainaren 30a arte lanean ari naizenez, normalean lehenengo egunetan besta girotik urrun ibiltzen naiz. Gelditzen diren egunetan, lagunekin edo familiakoekin afaldu edo bazkaldu, egunez dauden ekitaldietara joan, gaueko giroa ezagutu...eta goizaren batean resaka ahal den moduan pasatu». Urteen poderioz, adi­narekin, bestan murgiltzeko modua ere aldatu dela onartu digu Ganboak: «Dudarik gabe. Gazte garaian, gauak eta juerga ziren egitarauaren osagai bakarrak. Denborarekin, eguneko giroa gustoragokoa bihurtzen da, nire kasuan behintzat».

Egitarauari dagokionez, nahiz eta gehienetan bertan izaterik ez (edo beharbada horregatik), San Pedro eguneko goizeko ekitaldiak ditu gogoko, «Dantza taldeko erakustaldia, ikurrinaren dantza, geroko giro polita... Batekin gelditu behar izanez gero, iku­rrinaren dantza da aski momentu berezia da».

Hain gogoko ez dituen ekitaldiak ere baditu, baina ez lituzke kenduko. «Beti daude batzuk norberarentzat hain erakargarriak ez direnak, –dio– bainan kendu ez, bertze batzuentzat gustoak izanen baitira. Su artifizialak, adibidez, ez naute motibatzen, bainan bertze aunitzentzat ikaragarri politak dira».

Programari zerbait gehitzekotan, profesionalen arteko pilota partida ekarriko luke Ganboak, «behar bada eta diruari begiratu gabe, esku pilotako partida haundi bat gustora ikusiko nuke. Bainan garestia da eta Donezteben ez omen da arrakastatsua». Besta ttikiak, Sanpedroak, inauteriak… Bakoitza bere garaian, denak bereziak direla uste du Patxikuk, eta Feria eguna ere ikaragarri polita iruditzen zaio.

Kirolaria eta kirolzalea izanik, kirolak bestetan ere bere tartea izan dezakela eta izan behar duela uste du, «hori bai... ikusle moduan. Herri kirolak, pilota eta bertze kirol batzuk, egitarauan ezinbestekoak ikusten ditut».

Duela pare bat urte kirol talde guztiek elkarrekin bota zuten San Pedro bestetako txu­pinazoa Herriko Etxeko balkoitik… Dudarik ez da kirolak garrantzi berezia duela Donezteben eta erremontean edo eskubaloian, erraterako, goi mailako kirolariak eman ditu. Formula zein den galdetuta, «Buff, jakinez gero patentatuko genuke formula. Errekaren lana (azkeneko urteetan Doneztebe FTkoa ere) eta Koteto, Lizaso, Niko edo Meoki bezalako figura handien agertzea garrantzitsuak izan dira», erantzun digu.

Berak gidatzen duen Errekako eskubaloi taldea bikain ibili da aurten, Nafarroako liga­ko final fourera sailkatzea lortuta eta heldu den urtean lanean segitzeko asmoa du. «Bai, datorren urtean Felipe eta biok segituko dugu, Luismi Apezetxe­a­ren laguntzarekin», aipatu digu Ganboak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun