Oskar Mindegia Doneztebeko udaleko kultur eta kirol zinegotzia da. 43 urte ditu eta 6 urte daramazki Herriko Etxean lanean, baina horretaz gain, kultur eta kirol arloan hainbat lan egindakoa da. 20 urte daramazki atabala jotzen, eta Zenzerock eta Jalisko Band taldeko bateria ere izan zen. Kirol arloan, eskubaloian aritutakoa da, baina judoa bereziki maite du.
Duela 24 urte lortu zuen gerriko beltza eta Doneztebeko judo eskolako irakasle da. Arlo horiek guztiak uztartuz, bestetan «ahalik eta ekitaldi gehienetara» joaten ahalegintzen da, «modu batera edo bertzera bertan egon beharra egokitzen baitzait». Duela bi urte, kirol taldeen ordezkari eta zinegotzi gisara txupinazoa botatzea ere suertatu zitzaion, «poz handia eman zidan, orokorrean eta pertsonalki, gaur egun bertze kiroletan ari diren gehienak, ttikiak edo handiagoak izan zirenean, nerekin zilipurdika ibiliak baitira judoan», dio Mindegiak. Zenzerockeko garaietatik besta egiteko modua aunitz aldatu zaiola dio, «lehen gau eta egun besta egiten genuen, gaur egun egunez bakarrik eta pixka bat apuratuz, arratsalde-gau partea…». Bestetan «gosariak» dira gehien gustatzen zaiona. Aldiz, dianak hain goiz izatea ez zaio gustatzen, «beranduxeago izan beharko ziren».
Aurtengo bestei dagokienez, lau egunekoak izanen dira eta 35.000 euro inguruko aurrekontua dute. Guraso Elkarteek edo dantza taldeak ekimen berritzaileak antolatuko dituztela ere aipatu digu. Diru gehiago izanez gero gauza aunitz ekartzea gustatuko litzaioke, «partidak, kontzertuak, baina neretzat, besta egiteko orduan garrantzitsuena animoak eta gogoak izatea da eta horretan ez du bakarrik diru kontuak eragiten».
Doneztebeko kirola osasunez ongi ikusten du zinegotziak, «neska-mutiko aunitz ari dira kirolean, konpromiso handia hartu duen jende multzo bat dagoelako, egiten duguna gustatzen zaigu eta gainera laguntza handia ematen digute, lan ona egiten ari da». Kultur arloan ere mugimendua badela aipatu digu, «Burrunbako gazteekin, guraso elkarteek antolatzen duten zine eta antzerkiekin, udako erakusketekin…». Trapatan dantza berriki berreskuratu dela eta dantza taldea sortu dela ere azpimarratu nahi izan du, «denborarekin sendotzen ari da eta neska talde batek gidatuta, lan handia egiten ari dira ttikiekin nahiz haundiekin. Erreka dantza taldeak emanaldi aski bereziak eskaini ditu».