Doneztebeko San Pedro eguneko ekitaldi berezien artean, Meza ondotik dantzatzen den Bandera dantza da, herritar guztiek arretaz ikusten dutena. Urteetan Odriozola familiarekin lotutako dantza izan da. Lehenik Federico Odriozolak dantzatu zuen 25 urtez eta honi, Juan Luis Odriozola semeak hartu zion lekukoa eta bertze 17 urtetan aritu zen herriko dantza taldearen saioari hasiera ematen.
Duela hamar urte, ordea, Eduardo Almandozek (18 urte zituen orduan) hartu zion txanda. Beraz, aurten hamargarren urtea beteko du lanbidez tornero-fresatzailea den 28 urteko mutil honek bestetan leku berezia duen eginkizun horretan, baina oraindik ere Odriozolaren ondorengo dantzari berritzat hartzen omen dute aunitzek. Kirolarekin ere harreman berezia du Eduardok, «ttiki ttikitatik hainbat kirol egin ditut –aipatu digu–. Pilotan hasi nintzen lehenbizi 8-9 urtetan. Infatiletan, futbolarekin uztartu nuen Lesakako Beti Gazten jokatuz. Ondotik, kadetetan, futbola utzi eta eskubaloian hasi nintzen eta 17 urte arte pilota eta eskubaloian federatua egon nintzen. Geroztik, eskubaloian segitzen dut Errekako talde seniorrean eta, orain ere, lagun arteko pilota partidak ez dira falta».
Bandera dantzatzen hamargarren urtea eginen du aurten. «Zeinen abudo pasatzen diren urteak!!» aipatu digu Almandozek harrituta. Hala ere, «oraindik aunitzentzat Juan Luis Odriozolaren ondorengo bandera dantzari ‘berria’ izaten segitzen dut». Bertze dantzetan ez da inoiz aritu, baina bandera dantzatzea arras berezia da beretzat: «Egia erran, arrunt momentu berexia da. Jende aunitz biltzen da eliz atarian eta ahalik eta hobekien egiten saiatzen zara». Prestakuntza aldetik, urtetik urtera guttiago egiten duela onartu digu Eduardo Almandozek.
«Egunen batez musikariekin, Itziar Irigoien txistulariarekin eta Oskar Mindegia atabalariarekin elkartzen naiz eta horrela hirurok jadanik ikasia duguna freskatzen dugu, bertzerik gabe» jakinarazi digu.
«Kirolak bere tartea behar du bestetan ere»
San Pedro eguneko une berezi eta hunkigarri horretatik aparte, bestetako bertze ekitaldiren bat aukeratzeko eskatu diogunean zalantzak ditu Almandozek: «Bertze ekitaldietatik eztakit zein bereizi. Bat egitekotan, joan den urtean inprobisatu genuen peñen eguna. Baino bestatan denetan ibiltzen naiz gustora, remonte partidak, herri bazkaria,... Faltan botazen dudana, herri kirolak». Izan ere, bestetan kirolak ere bere tartea behar duela uste du Eduardok. Dioenez, «alde batetik egitarauan dauden kirol ekitaldietara guttitan huts egiten dut; erremonte partidak, herri kirolak eta pilota partidak (azken urtetan ez daude)… eta bestetik, beti animatu izan naiz koadrilen arteko desafioetan parte hartzera, nahiz eta guttitan egin diren».
Doneztebeko urte osoko besta eta ospakizun egitarau zabalari begira, inauteriak ere gustoko dituela erran digu Eduardo Almandoz bandera dantzariak, «urtean zehar besta aunitz ditugu eta saiatzen naiz bat ere ez galtzen baino inauteak izan dira orain arte gustokoenak, batez ere ortzegun gaua eta ortziraleko eguna».