Senperen nork ez du ezagutzen Jean Michel Bereau? Euskal dantzaria, kantaria, aktorea, musikaria, Kukumiku musika taldeko kidea, umore zalea, Kalakan taldeko musikaria... orain munduan barna ere ezagutuko dute Madonnarekin kantatzen hasi baita. Pop musikaren izarrak Kalakan hirukote euskalduna ezagutu zuen iazko udan Getariko udako etxe batean ospatu zen bere urtebetetze gauean. Kalakan taldeak musika jo zuen Madonnaren ohoretan eta izarrari berehala gustatu zitzaion euskal musika. Biharamunean, Madonnak euskal hirukotea deitu zuen telefonoz azaltzeko ikusgarri berria prestatzen ari zela eta haiekin lan egiteko prest zela! Geroztik lotura atxiki dute eta azkenean Madonnak proposatu die harekin parte hartzea munduan barna egiten ari den biran. Proposatu eta egin, eta geroztik sarean ez da bertzerik aipatzen: amerikarrak Aldapeko kantu ezaguna eta euskal dantza urratsak taularatu dituela Sagarra Jo oihukatuz. Irudiek mundu osoaren itzulia egin dute eta Senperen ere, nola ez, ez da bertzerik aipatzen...
Kolaborazio artistiko harrigarri hunen inguruan sekretu haundia izan da hastapenean artistek konfidentzialitate osoa atxiki behar baitzuten lehenik. Martxo hastapenean, Jean Michel Bereau, Xan Errotabehere eta Thierry Biscarri Euskal Herritik New Yorkerat joan ziren ikusgarria prestatzerat isilean, kasik inori aipatu gabe. Hiru artistek lan haundia eta zalantzak izan dituzte baina gusturat daude pop izarrak errespetu haundia dielako eta harreman oso ona baitute. Hiru mutikoek diotenez ez dute oraino arras neurtzen gertatzen ari dena baina oraingoz nahi dute gozatu eta pozik daude errespetatuak sentitzen direlako.
Tel Aviv, Abu Dhabi eta Istanbulen ondotik, ondoko egunetan Italian eta Bartzelonan agertuko dira. Hiru artisten familiak Kataluniako hiribururat joatekoak dira. Bertzalde, uztailaren 14an Parisen eskainiko dute beren kontzertua eta baliteke Jean Michelen lagun frango harat joatea. 2012 bukaera arte, mundu osoan barna laurogoi bat kontzertu eskainiko dituzte Madonnak eta Kalakan hirukoteak, eta tartean Jean Michel Bereauk.