Marta Vera Kontseilariak Osasun arloko murrizketen inguruan alkateekin egindako bileren ondotik, zenbait argibide eman dituzte Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek. Jaime Iturriak, Marisol Tabernak eta Migel Mari Irigoienek «Gobernuaren eta UPNren erabilera alderdikoia» salatu dute eta argi utzi nahi izan dute osasun arloan egin nahi dutena ez dela berrantolaketa, murrizketa baizik.
Nafarroako Gobernua, eta bereziki UPN, osasun murrizketen berri emateko egiten ari den bileren erabilpen politikoa eta manipulazioa salatu dute hiru alkateek. «Batetik, hagitz larria iruditzen zaigu Osasun sailburuak udalekin bilerak deitzea eta udalen ordezkaritza mugatu bitartean, alderdikideei inolako arrazoi teknikorik gabe bertan egoten uztea. Hainbat udal ordezkariri sarrera debekatu zaien bitartean, UPNko kide bati bertan egoten utzi zaio, Kontseilariaren alderdikoa denaren aitzakian». Ondorioz, udalei azalpenak emateko eskualdean antolatutako bileretan alderdikideen babesa bilatu du Kontseilariak, eta aldiz, udalen ordezkaritza mugatu du, «agian jakin badakielako erranen duena gezurra dela, eta beraz, kritika murriztu nahi duelako, bertze gauza aunitz murrizten duten bezalaxe», diote alkateek.
Eskualdea bi bileratan banatu izana ere kritikatu dute. «Aitzakia jende guttiagoko bilerak egitea izan da, baina azkenean hagitz azalpen orokorra izan da, eta ez du xehetasunik eman eskualdeko egoeraz». Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek ezin dute ulertu «Baztan-Bidasoa eskualdean hiru osasun-eremu egonik, eremu horietako herriak modu nahasian banatu izana bileretan». Hiru alkateek garbi dute «eraginkortasuna bilatzen duen berrantolaketa saldu nahi digutena murrizketa bertzerik ez dira». Berrantolaketaren helburua hiritarrei zerbitzu hobea ematea behar lukeela gaineratu dute: «berrantolaketa eraginkor bat egiteko profesionalen eta erabiltzaileen iritziak eta proposamenak kontutan hartu behar dira nahi eta nahi ez, eta ez da hori Gobernuak egin duena».
Murrizketak justifikatzeko kontseilariak «manipulazio eta gezur lotsagarriak» erabili dituela ere salatu dute. «Onartezina da beraien kudeaketaren porrota langile eta profesionalen bizkar egitea. Lotsagarria iruditzen zaigu kontseilariak murrizketak justifikatzeko profesionalen soldatak, opor egunak eta profesionaltasuna kolokan jartzea». Hiru alkateen hitzetan, herritarren osasun arretak du lehentasuna, eta hortaz, Gobernuak eta UPNk egiten duten aldaketa oro zorrotz aztertuko dutela erran dute. Eskualdearen garapenerako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko prest izanen direla ere adierazi dute, «zintzotasunez jokatuz gero, eta inolako erabilera alderdikoi eta manipulaziorik egin gabe».