Eskolaren egoerak eztabaida piztu du herritarren artean

Fernando ETXEBERRIA 2012ko ekainaren 14a

Arazoari irtenbidea emateko lanean ari da Udala

Hamabostean behin, TTIPI-TTAPAn, Ezku­rran egiten diren jarduera, proiektu eta lanen berri­ ematen dudala aipatu didate hainbat herrita­rrek, baina aspaldian ez duda­la eskolaren gaia landu, gehienek bere egoera okerrera doala dakitenean. Gaiari buruz norbaitek ezer ez esate­ko eska­tu ote didan ere galdetu didate. Eta hori ez da ho­rrela. Udala arazoari aterabidea emateko egiten ari den urrats guztien be­rri badut, baina krisi la­rri honekin zaila da lor­tzea. Horretan ari dira. Duela bi urte eman genuen Udalaren proiek­tuaren berri. Zenbaitek ho­rren kontra protesta egin zuten eta bilera ere eskatu zuten, eta eztabaida sortu zen. Onena biak elkartu eta adostasun batera ailegatzea zela iritzi nion. Batzuek Udalaren jarrerarekin bat egitea leporatu zidaten, baina ez nuen sekula hori egin. Liskar eta ezinikusietan oinarritutako jarre­rak interes orokorreko gaietatik aldentzearen aldekoa naiz. Zoritxarrez, ordukoak zapore txarra utzi zuen eta ez zen ezerrekin adostasunik lortu.

Ezkurra, herri berezia liburuan, eskolari eskaini­tako tartean ageri denez, ikasle faltagatik 1999an itxi zuten eskola eta erabilera posi­bleak azter­tzea interesgarria izanen litzatekeela irakur daiteke: bilera gela liburutegi batekin eta ordenagailuekin, aterpetxea, elkartea... Horregatik, eraikina­ molda­tze­ko aukera zein den az­ter­tzeaz gain, erabilera egokiena zein den ikustea litzateke egokiena.

 

Ehiztari elkarteko prestaketak

Txantxangorri Ehiza Elkartea hasi da denboraldi berria prestatzen eta altak eta bajak emateko epea zabaldu du. Ekaina­ren 30era arte izanen da aukera. Ondotik, urte­ro­ko asanblada eginen du eta diru-sarrera eta gastuez hitz eginen dute. Ehiza-postuetarako bideak eta horiek egoera onean­ para­tzeaz ere ariko dira, besteak beste.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun