Egun osoko besta antolatu dute larunbat honetako Artisau Egunerako

Joseba URROTZ 2012ko eka. 14a, 12:17

Ondoko kartela da­ larunba­te­ko bestaren iragarlea.

Eguerdian omenaldia eginen zaio Bittorianori

Aitzineko ale batean aipatu bezala, larunbat honetan, ekainak 16, feria eta besta antolatu dituzte Urrozen.

Goizez, 10:30etik 14:00etara eskulangin­tzaren inguruan prestatu dira ekintzak eta gero, bazkaria eta besta izanen dira. Hamabortz bat eskulangilek etor­tzeko hitza eman dute, eta eguerdian, inguruan­ eta toki aunitzetan hain­ ezaguna den Bittoriano Arzuaga harigileari omenaldia eginen zaio, 87 urterekin, gaur egun gu­ttik egiten duen­ ‘arte’ ho­rri eta bere jakinduriari eusteagatik.

11:30ean hasita, gazta egileek gazta lehen egiten zen erara eginen dute. Eta eskuz, aizturrez, alegia, ardi-ile mozketaren erakustaldia ere izanen da.

Malerrekan Kantuz taldeak bere emanaldia gure herrian eginen du larunbat honetan.Malerrekako Euskara Ba­tzordeak antolatuta, herriz-herri euskal kantak abesteko biltzen ari dira azken hilabete hauetan eta larunba­tean Urrozek hartuko du lekukoa 11:00etatik ai­tzinera. Horrez gain, haurrendako jokoak ere izanen dira goizean.

Bertso bazkaria izanen da bertze ekitaldi nagusia, Julio Soto eta Igor Elortza bertsolariekin eginen dena. Fran­tzisko akordeoilaria, berriz, bazkaria eta bazkal ondoa alai­tzera etorriko da.

Arratsaldez eta gauez musika eta dan­tzaldia izanen dira eta beraz, besta girorik ez da faltako. Eguraldi kaxkarra egitekotan, frontoi estalian eginen dira ekitaldiak, eta hortaz, ez dago aitzakiarik ez etortzeko. Animatu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun