Malerrekako Egunaz balorazio bat egiten hasita, oso ongi joan zela azpimarra daiteke. Giro ederra sortu zen eta horrez gain, Mankomunitatetik adierazi dutenez, ekonomikoki ere ongi atera zen auzolanari eta jendearen partehartzeari esker. Egun polita atera zen eta herritarren partehartzea ere nabarmentzekoa da. Eskerrak eman behar zaizkie artisauei, udal ordezkariei, dantzariei, joaldunei, Aierri taldeari, Herriko Ostatuari eta Errandoneari, eta batez ere, sukaldean egun osoan lanean aritu ziren Marijose Loiarte eta Mertxe Santestebani. Horiei eta herritar guztiei eskerrik asko. Bestalde, musean Juan Telletxea eta German Gallego izan ziren txapeldunak. Saldutako 1.500 boletoen zozketako sarituak ez ziren egun berean atera baina orain badakigu saskiak Eratsungo Mikeli Mitxeo eta Doneztebeko Ana Mari Arregirentzat izan direla eta Arotxa jatetxeko otordua Labaiengo Izaskun Bertizentzat izan dela. Migel Arregik herriz-herri ibiltzeko egin duen lekukoa orain Eratsunek hartu du, heldu den urtean han eginen baita fiesta hau. Esku onetan utzi dugu lekukoa, lehenengo edizio honetan laguntza haundia eman baitute eratsundarrek.