Herri haundietan eta errepide nagusitik hurbil daudenetan lau aukera paratu dituzte mahai-gainean: 5. edukiontzia edo atez atekoaren hiru eredu. Herri ttikietan edo errepidetik urrutiago daudenetan konposta egitea proposatu dute. Orain, Mankomunitateei dagokie erabakitzea.
«Gai organikoaren bilketa bereizia ezarriko da Nafarroan. Hiri hondakinak %10 murriztu beharko dira eta 2011n sortu zen materia organikoaren erdia bildu beharko da 2020rako». Halaxe dio, bertzeak bertze, Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralak (NHKPI).
Organikoa murrizteko bidean, gaur egun, konposta da Baztan, Bortziriak eta Malerreka-Bertizaranan martxan dagoen ekimena, eta joan den urtera arte banatu ziren konpostontziekin 76 Tona bildu ziren konposta egiteko. Baina 10.000 Tona zabor sortu ziren eta datu horiek kontuan hartuta, kopurua ez da hain haundia. Txomin Elgorriaga Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko teknikariaren arabera, «konpost kanpainarekin hondakin organikoa murriztu da, baina gure zerbitzuetan ez du eragin». Beraz, NHKPIk dioena bete nahi bada, eta azken urteotako birziklapen tasa «geldirik» dagoela ikusita, Baztan, Bortziriak eta Malerreka-Bertizaranan materia organikoa murrizteko hainbat aukera paratu dituzte mahai-gainean. Txomin Elgorriaga da proposamenak ikertzen ari denetako bat eta berak eman dizkigu xehetasunak: herri ttiki edo errepide nagusitik urrutiago daudenentzat edo errepide nagusitik hurbil daudenentzat eredu desberdinak proposatu dituzte.
Herri ttikiak
Herri ttikietan edo errepide nagusitik urrutiago daudenetan, konposta egitea proposatu dute, etxeko konposta edo auzokoa. Izan ere, Elgorriagak azaldu digunez, «errepide nagusitik urruti izanda, haraino kilo gutti batzuk biltzera joateak dirutza gastatzea ekarriko luke». Horrek mereziko ez lukeela iritzita, Baztango 13 herritan, Malerreka-Bertizaranako 13 herritan eta Bortzirietako 3 herritan konpostaren aukera indartu nahi dute. «Etxeko konposta zabaltzen saiatuko gara, bakoitzak berea egin dezan, eta ezin duenak, pisuetan bizi delako edo, auzokoa egiteko aukera izanen luke». Horretarako, ordea, Hiri Hondakinen Mankomunitatean badakite kanpaina indartsua egin beharko dutela, «ahalik eta jende gehien animatzen saiatuko gara, baina boluntarioa izanen da, ezin baitugu inor konpost-ontzia etxean paratzera behartu», dio.
Herri haundienak
Herri haundienetan edo errepidetik hurbil daudenetan, bertzelako aukerak dituzte esku artean. Bera, Lesaka, Sunbilla, Doneztebe, Irurita eta Elizondorako lau aukera proposatu dituzte:
1. Bosgarren edukiontzia. Hondakin organikoak biltzeko bosgarren edukiontzi marroia paratuko litzateke, giltzarekin. Hau ere boluntarioa izanen litzateke, eta nahi duenak Mankomunitatean edukiontziko giltza eskatu beharko luke. Etxean erabiltzeko ontzi ttiki eta poltsa konpostagarri batzuk hartuko lituzke.
2. Atez ate errefusa bakarrik biltzea (birziklagarriak ez diren hondakinei deritze errefusa: hautsa, hautsitako platerak eta edalontziak, pixoihalak...): karrikan poste batzuk paratuko lirateke, eta familia bakoitzak kaxa bat izanen luke. Kaxa horietan errefusa atera beharko lukete eta postean zintzilikatu. Astean behin bilduko litzateke, baina bildu baino lehen, ontzi barrenean zer dagoen ikusiko lukete eta birziklagarria den zerbait ikusiz gero, ez litzateke bilduko. Honen harira, zera gehitu digu Elgorriagak: «gaur egun birziklatzen ahal ez dena bilduko litzateke atez ateko aukera honekin». Kasu honetan, edukiontzi berdea kenduko litzateke, edukiontzi marroia paratu eta orain dauden edukiontzi urdinak eta horiak mantendu.
3. Atez ate errefusa eta hondakin organikoak biltzea (sukaldatu nahiz sukaldatu gabeko janari soberakinak dira organikoak): kanpoan posteak egonen lirateke, eta etxe bakoitzean behar den kaxa edukiko lukete, batetik errefusa, eta bertzetik hondakin organikoa biltzeko. Hortaz aparte, enbasea, papera eta beiraren edukiontziak mantenduko lirateke. Kontrolaren aldetik, «aitzinekoa baino hobea» dela dio teknikariak, «bi gauza, errefusa eta organikoa, kontrolatuko liratekeelako. Eta behar ez den zerbait atera duenari ez liokete kaxa bilduko».
4. Hondakin organikoak, errefusa, papera eta enbaseak atez ate biltzea: beira ez gainerako guztia atez ate bilduko litzateke, kanpoan dauden posteetan tokatzen dena utzi beharko bailuke jendeak. «Hemen kontrola haundia izanen litzateke», dio Elgorriagak.
Atez ateko aukeren kasuan, organikoa astean bi aldiz guttienez bilduko litzateke, eta errefusa, enbasea eta papera astean behin. Asteko egun jakin bakoitzeko, hondakin mota bat atera beharko lukete herritarrek. Aipatzekoa da, bertzetik, herri hauetan, herritik aparte dauden etxe eta baserrietan konpostaren aldeko apustua egin dutela. Lau aukera hauek herrigunerako dira.
Elgorriagaren irudiko, proposatu diren neurrien artean, «argi dago teknikoki atez atekoarekin bilduko dela gehien, kontrola haundiagoa izanen delako eta nolabait errateko, jendea behartua egonen delako bereiztera. Baina bilduko denak gastua konpentsatzen duen ikusi behar da». Hasiera batean, sei herrietarako egin da proposamena edo ikerketa baina horrek ez du erran nahi errepidetik hurbil dauden bertze herrietan aukera hauek baztertuak direnik.
Proposatu diren neurrien artean deus erabaki aitzinetik, alternatiba bakoitzarekin zenbat bilduko litzatekeen eta zenbat kostako litzatekeen ikusteko azterketa egin dute, bideragarria izan daitekeen ala ez jakiteko. Elgorriagak Hirusta Ingurumen Hezkuntza enpresaren laguntzarekin egin du lan hau eta emaitzak ekainaren 5ean aurkeztu zituen Donezteben udal ordezkarien aitzinean.
Proposamenak mahai gainean daudela, orain mankomunitate edo udal bakoitzari dagokio zein neurri komeni den erabakitzea. «Zonaldeka bakoitzak erabaki behar du berea, baina Baztan, Bortziriak eta Malerreka-Bertizaranan denen artean zerbait egiten saiatu behar genuke, bakoitza bere aldetik eginez gero, aunitz garestituko delakoz. Halere, erabaki politikoa da eta hor gu ez gara sartuko». Neurri berria noizko egonen den indarrean oraindik ez dakite, baina udal eta mankomunitateko ordezkariek uztailaren 4an eginen dute hurrengo bilera eta ordurako gaia sakonduta, udal eta mankomunitate bakoitzak solastutakoa paratuko du mahai gainean.
Aukera edozein dela ere, «herritarrentzat aldaketa» izanen da Hiri Hondakinen Mankomunitateko teknikariaren irudiko: «orain arte bakoitzak nahi duenean bota izan du zaborra edukiontzira. Bosgarren edukiontziarekin aldaketa ez da hainbertzerakoa izanen, nahi duenak eginen du eta nahi ez duenak ez. Baina atez ateko sistemarekin egun jakin batean atera beharko dituzte hondakinak». Herri ttikietan proposatutako ereduarekin ere, «ohiturak aldatu beharko direla» adierazi du.
ESALDIA
«Teknikoki atez atekoarekin bilduko da gehien, baina ikusi behar da bilduko denak gastua konpentsatzen duen»
Txomin ELGORRIAGA Hiri Hondakinen teknikaria
IKERKETA GASTUAK ETA BILKETA BIDERAGARRIAK DIREN IKUSTEKO
«Zaborra bereizteko lana etxean eginda, merkeago aterako zaigu»
«Ez birziklatzea birziklatzea baino garestiagoa izanen da». Hori ere nabarmendu digu Txomin Elgorriagak: «orain arte bezala segitzen badugu zabor tasak igoko dira». Katalunian, adibidez, zabortegian sartzen den Tona bakoitzeko kobratu izan dutenaz gain, orain, 20 euroko kanona gehitu diote. Gaur egun, Iruñerriko zabortegian sartzen den Tona bakoitzeko 45 euro inguru ordaintzen dugu eta Katalunian bezala 20 euroko kanona paratuz gero, 65 euro izanen lirateke. Gipuzkoan, ordea, Tonako 143 euro ordaintzen dute. Nafarroan oraindik ez dute erabaki, «baina ziur gaude garestituko dela, jendea birziklatzera behartzeko». Joan den urteko datuak adibide modura aipatu ditu Elgorriagak: «iaz 10.300 Tona inguru bildu genituen guztira, horietatik 2.700 inguru selektiboki bildutakoak izan ziren eta gainerako 7.600 Tonatik goiti edukiontzi berdeetakoak. Beraz, %70etik goiti Iruñerriko zabortegira joan zen eta Tonako ordaintzen den 45 euroko prezioa igotzen bada, eta horri 7.600 Tona biderkatuta, prezioa aunitz igoko da. Ez badugu deus egiten ere, aunitz garestituko da. Birziklatzen badugu bilketa zerbitzua garestiagoa izanen da, baina tratamendu plantan sartzeagatik tasa merkeagoa izanen da organikoa zabortegian sartzeko tasa baino. Bereizteko lana etxean hartzen badugu, merkeagao aterako zaigu, birziklatzen ez den zaborra hagitz garestia izanen baita».