«Orain jendeak ez du lehen bezala zapinak erosteko ohiturarik»

Gurutze PIKABEA 2012ko ekainaren 14a

Bitoriano Arzuaga haria egiten. Gurutze Pikabea

Artilea lantzeagatik egin da ezagun Bitoriano Arzuaga urroztarra. 14 urterekin ikasi zuen haria egiten eta 87 urte bete berritan etxean ikasitakoari eusten dio. Ahari iletik abiatu eta haria egin ondotik, txanoak, txalekoak, zapinak, kuleroak, ­tangak, bularretakoak... Denetarik egiten du eta etxean zein azoketan saltzen ditu bere produktuak. Larunbat honetan, ekainak 16, Urrozen lehenbiziko aldiz eginen den Eskulagintza Egunean herriaren ­omenaldia jasoko du Arzuagak.

 

Noiz hasi zinen artilea lantzen?

14 urterekin hasi nin­tzen, amatxiri ikusita. Egunez etxetik kanpo ari­tzen nin­tzen lanean, eta amak egunez ilea harrotu eta prestatu egiten zidan nik gauez haria egiteko. 15-16 urte nituenean, bertze ema­ku­me batekin tratua egin nuen. Berak zapinak sal­tzen zituen eta nik haria egiteagatik zapin bakoi­tzeko hiru duro eta berak ber­tze hiru duro har­tzeko tratua egin genuen. Urte batean 50 pare egin genituen. Soldaduskara joan­ arte, urtero aritu nin­tzen zapinak egiten eta soldaduskara joateko nik haria prestatu eta arrebak txaketa ere egin zidan. Garai hartan, barride ba­tzuk ere lan horretan ari­tzen ziren eta elkarrekin ari­tzen ginen. Gero, haiek hemendik [Urroztik] joan­ ziren eta bakarrik gelditu nintzen. Handik goiti, lauzpabortz urtez arrunt gutti aritu nin­tzen haria egiten. Niretako arropa urtero egiten nuen, gal­tzerdiak eta txaketa, baina bertzeen­dako ez. Gerora berriz hasi nintzen. Behin, etxe­ ­batean peoi nengoela, txaketa egiteko haria ote nuen galdetu zidaten. Eta haria egin eta txake­ta ere egin nien. Orduan, artilearekin egindako txaketa luxu bat izaten zen.

Nondik lortzen duzu artilea? Eta nola egiten duzu haria?

Arraioztik ekartzen dut ilea, eta ahariaren ilea izaten da, ardiarena baino hobea delako. Behin ekarrita, ileari zikina kentzen diot. Gero ur epelean eta xaboiarekin garbitu egiten dut. Espuma bezala harro­tzen da ilea eta ondotik, pareta gainean para­tzen dut idortzeko, eguzkitan. Horretarako eguraldi ona behar da, eguzkitsua. Ordu batzuren buruan buelta ematen diet eta arratsalde aldera bildu. Ilea garbia dagoenean haria egiten hasten naiz. Artile mul­tzo bat hartu eta nire kasuan, ni ezkerra naizelako, mutur bat eskuine­ko eskumuturrean lo­tzen dut, eta bertzea txa­bila edo maratilari lo­tzen diot. Ezkerreko es­kua­rekin haria atera­tzen joa­ten naiz. Haria egitetik akitzean, prest dago­ arropak orratzekin egite­ko. Denbora gehiena haria egiten joa­ten da, baina ni ez naiz apuruan ari­tzen, lasai hartzen dut.

Noiz hasi zinen azoketara joaten?

Egun batean, soldaduskan elkarrekin ibili ginen Oizko lagun baten gal­tzerdiak ikusi zizkidan eta nork eginak ote ziren galdetu zidan. Nero­nek eginak zirela erran, eta haria nola egiten nuen galdetu zidan, maratilarekin ala rokarekin egiten ote nuen. Maratilarekin aritzen nintze­la erran nionean Baigorrira eraman behar ninduela erran zidan, Nafa­rroa­ren Egunera. Eta huraxe izan zen nire lehenbiziko irteera, orain dela 30 bat urte. Haren ondotik, hurrengo ateraldia Leitzara egin nuen, eta han amerikano batek lau pare zapina erosi zizkidan, 3.000 pezetetan. Kontent etorri nin­tzen eta han­dik goiti kanpora ateratzen hasi nin­tzen. Lan honetan gelditu gabe, 30 urte­ bai­no gehiago daramazkit.

Azokek badute indarra oraindik?

Lehen gehiago saltzen zen, eta norabait joan aldiro dirua ere ematen ziguten. Orain, ordea, jendeak ez du lehen bezala zapinak erosteko ohiturarik eta zenbait tokitan lehen ematen zute­na kendu­ dute. Baina ni edozein tokitara gustura joaten naiz. Normalean, Oizko Migel Urroz kutxaragilea eta Juan Pedro Goñi kaikuegilea elkarrekin joaten gara ferietara. Noizean behin etxera ere etortzen zaizkit erostera­.

 

SALMENTAK BEHERA

«Lehen gehiago ­saltzen zen azoketan, eta norabait joan aldiro dirua ere ­ematen ziguten. Orain, ordea, jendeak ez du lehen bezala za­pinak ­erosteko ohiturarik eta zenbait tokitan lehen ematen zutena ere kendu dute. Baina ni edozein tokitara gustura joaten naiz. Norma­lean, Oizko Migel Urroz kutxaragilea eta Juan Pedro Goñi kaikuegilea elkarrekin joaten gara ferietara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun