Ikasturte akaberara hurbiltzen ari garenez, kanpaldiak antolatu dituzte Etxalarko Landagain eskolan. Horrez gain, Haurren Eguna antolatu dute Guraso Elkartekoek igande honetarako, ekainak 17.
Urtero bezala, goizean ikasturtean egindako ipuin eta lanak jarriko dituzte ikusgai frontoian. Ipuin batzuk ere irakurriko dituzte eta bakoitzak ipuin bat opari hartuko du.
Bazkaldu aitzineko tartea trikitilariek alaituko dute. Gero, bazkaria eginen dute frontoian. Eta 15:30ean, Tatxin eta Tatxan ikuskizuna ikusgai izanen da, adin guztietako jendearentzako Udalak antolatu duen erakustaldi musikala. Antzerkiaren ondotik, Guraso Elkartearen eskutik jokoak izanen dira.