Egun osoko besta antolatu dute larunbat honetako Artisau Egunerako Urrozen

Joseba URROTZ 2012ko ekainaren 14a

Bittoriano Arzuagaren eskuak. Bereak bezalako bertze hamabortz esku pare treberen lanak ikusgai izanen dira Urrozen. Gurutze Pikabea

Eguerdian omenaldia eginen zaio Bittoriano Arzuaga herriko harigileari

Larunbat honetan, ekainak 16, feria eta besta antolatu dituzte Urrozen, Artisauen Egunean. Bittoriano Arzuaga herriko harigilea omentzeko ere aprobetxatuko da ospakizuna.

Larunbat honetan, ekainak 16, feria eta besta antolatu dituzte Urrozen, Artisauen Egunean. Bittoriano Arzuaga herriko harigilea omentzeko ere aprobetxatuko da ospakizuna.

Goizez, 10:30etik 14:00etara eskulangintzaren inguruan prestatu dira ekintzak eta gero, bazkaria eta besta izanen dira. Hamabortz bat eskulangilek etortzeko hitza eman dute, eta eguerdian, inguruan eta toki aunitzetan hain­ezaguna den Bittoriano Arzuaga harigileari omenaldia eginen zaio, 87 urterekin, gaur egun guttik egiten duen eskulan horri eta bere jakinduriari eusteagatik.

11:30ean hasita, gazta egileek gazta lehen egiten zen erara eginen dute. Eta eskuz, aizturrez, alegia, ardi-ile mozketaren erakustaldia ere izanen da.

Malerrekan Kantuz taldeak bere emanaldia gure herrian eginen du larunbat honetan. Malerrekako Euskara Batzordeak antolatuta, herriz-herri euskal kantak abesteko biltzen ari dira azken hilabete hauetan eta larunbatean Urrozek hartuko du lekukoa 11:00etatik aitzinera. Horrez gain, haurrendako jokoak ere izanen dira goizean.

Bertso bazkaria izanen da bertze ekitaldi nagusia, Julio Soto eta Igor Elortza bertsolariekin eginen dena. Frantzisko akordeoilaria, berriz, bazkaria eta bazkal ondoa alaitzera etorriko da.

Arratsaldez eta gauez musika eta dantzaldia izanen dira eta beraz, besta girorik ez da faltako. Eguraldi kaxkarra egitekotan, frontoi estalian eginen dira ekitaldiak, eta hortaz, ez dago aitzakiarik ez etortzeko. Animatu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun