Denboraldiko lehen karrerak egin ditu Truck Navarra taldeak asteburuan

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 13a

Larunbateko lehen karreran, Espainiako koparako lehen postua lortu zuen Mariezkurrenak Jaraman. Patxi APEZETXEA

Jaramako lau karreretatik bi ezin izan zituen akitu, baina bertze bietan puntuak lortu zituen Javier Mariezkurrena doneztebarrak

Ekainaren 9 eta 10ean burutu zituen Truck Navarra Competicion taldeak denboraldiko lehenbiziko karrerak. Doneztebeko Javier Mariezkurrena kamioi gidaria eta bere taldea sentipen gazi-gozoarekin itzuli ziren Madrilgo Jarama zirkuitutik.

Ekainaren 9 eta 10ean burutu zituen Truck Navarra Competicion taldeak denboraldiko lehenbiziko karrerak. Doneztebeko Javier Mariezkurrena kamioi gidaria eta bere taldea sentipen gazi-gozoarekin itzuli ziren Madrilgo Jarama zirkuitutik.

Doneztebeko taldearentzat estrainekoa izanagatik, Europako FIA ETRC txapelketan ari diren gainerako gidarientzat hirugarren proba zen Jaramakoa. Halere, sailkatze proban bederatzigarren postua lortu zuen Mariezkurrenak ustekabean. Larunbateko lehenbiziko karreran ongi ibili zen Doneztebeko gidaria eta zazpigarren akitu zuen, 4 punturekin eta, oraindik garrantzitsuagoa, bigarren karreran lehenbiziko lerroan ateratzeko aukera lortuz. Gainera, Espainiako koparako lehen postua lortu zuen.

Bigarren lasterketan, beraz, lehen lerroan abiatu eta postu hori mantendu zuen hasieran Mariezkurrenak, Antonio Albaxete eta Jochen Hahn gibeletik zituela. Hauek ez zuten lortzen doneztebarra aitzintzea, baina enbragearekin arazoak hasi zitzaizkion kamioiari eta hirugarren postura jautsi zen Mariezkurrena. Berriz ere bigarren izatera pasatu zen, baina proba bukatzeko bi itzuli falta zirela enbragea erabat hautsi eta probatik kanpo gelditu zen. Pena handia izan zen taldearentzat, 9 puntu eta podiumera igotzeko aukera galdu baitzuen.

Halere, animoarekin ekin zioten igandeko lehen karrerari. Sailkatze proban 13. Izan zen Mariezkurrena, trafiko arazoak izan baitziren pistan. Asteburuko hirugarren karreran irteera ona egin zuen eta hamargarreneraino aitzindu zuen gidari doneztebarrak. Baina gibeletik zetorren José Bermejo talde nafarraren kamioia jo eta pistatik kanpora utzi zuen eta ezin izan zuen karrerara bueltatu.

Honela, laugarren karreran 24 kamioietatik azkeneko postuan atera behar izan zuen Mariezkurrenak, balentria egiteko asmoarekin. Eta halaxe izan zen, lehenbiziko itzulian hameka arerio aitzintzea lortu baitzuen, 13. Posturaino igoz. Poliki poliki bertze batzuk ere aitzintzea lortu zuen eta bederatzigarren akitu zuen azken karrera, puntuak ematen dituen postuan, beraz.

Beraz, sentipen gazi-gozoekin bueltatu da Truck Navarra taldea denboraldiko lehen karrera hauetatik. Gazia, arazo mekanikoengatik edo istripuengatik bi karrera ezin izan zituztelako akitu eta gozoa, denboraldiko lehen karreran joan den urte bukaerako potentziala ez dutela galdu ikusita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun