Bestetako kartel lehiaketa deitu du lehen aldiz Iturengo Udalak

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 12a

Ekainaren 22an akituko da lanak aurkezteko epea eta 100 euroko saria izanen du irabazleak

Iturengo Udalak lehen aldiz bestak iragartzeko kartel lehiaketa deitu du. 16 urtetik goitiko edozein parte hartu dezake eta lanak aurkezteko epea ekainaren 22an akituko da.

Iturengo Udalak lehen aldiz bestak iragartzeko kartel lehiaketa deitu du. 16 urtetik goitiko edozein parte hartu dezake eta lanak aurkezteko epea ekainaren 22an akituko da.

Gaia irekia izanen da eta lan orijinala behar du izan. Beti ere Ituren edota bere izaera edo kulturaren ezaugarriak agertzea baloratuko da.

Formatuari dagokionez, lanak A3 tamainan inprimatuko dira (29’7x42 cm) eta formatu digitalean aurkeztu beharko dira, edozein teknika erabiliz. Nahitaez, “Iturengo bestak 2012 Uztailak 13-16” testua agertu beharko da eta egileak, gero programa zehatza itxakitzeko tokia uztea kontuan izan beharko du beti ere. Programa hori beranduago emanen zaio egileari, sar dezan.

Arestian aipatu bezala, ekainaren 22an, ortziralarekin, akituko da lanak aurkezteko epea, udaletxean bertan edo udala@ituren.es helbide elektronikora bidalita. Lana sinatu gabe entregatuko da eta lanarekin batera sobre itxi batean egilearen izen-abizenak eta kontakturako telefonoa edota posta elektronikoa agertu behar dira.

Irabazleak 100 euro eta sari sorpresa bat irabaziko du eta lanaren jabetza Udalaren esku geldituko da. Lan guztiak jaso ondoren erakusketa publikoa eginen da eta herritarrek erabakiko dute zein izanen den kartel irabazlea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun