Doneztebeko Erreka Elkarteak seigarren urtez bere egun handia ospatu zuen ekainaren 9an eta beti bezala, partehartze handia izan zen. Larunbateko “plater nagusia” eskubaloiko lauko finala izan zen eta izarren taldea suertatu zen garaile.
Aipatzekoa da bertze urteetan izarren taldearekin parte hartzen duten eskubaloi jokalari aunitzek ez zutela parte hartzerik izan, Irungo Bidasoa kirol taldeak bere 50. Urteurrena ere ospatzen baitzuen egun berean. Niko Mindegia doneztebarrak ere ezin izan zuen 88ko bere kintoekin jokatu, Asobal ligako izarren konbinatuan jokatu behar baitzuen Tarazonan.
Halere, izarren taldean izan ziren Dani Urroz eta Kepa Miguel (Lagunak), Jokin Eransus eta Carlos Chocarro (Anaitasuna), Julian Loprez (San Antonio), Cristian Martinez (Anaitasuna), Alex Capón eta Ricard Reig (Anaitasuna) eta Espainiako selekzioarekin Joku Olinpikoetan izanen den Eduardo Gurbindo.
Harmailak bete-beteak zeudela, 15 minutuko bi partida jokatu ziren lauko finala hasteko. Lehenbizikoan, Errekako beteranoak eta 88ko kinta izan ziren aurrez aurre eta gazteak nagusitu ziren. Errekako gaur egungo taldearen eta izarren taldearen arteko lehia, berriz, azken hauek irabazi zuten.
Hirugarren posturako lehia, Errekako seniorrek irabazi zioten beteranoei eta final handian, izarren taldea nagusitu zitzaion 88ko kintari. Partiden artean, Errekako dantzariak aritu ziren eta ondotik, hainbat sariren zozketa egin zen.
Ekitaldi ugari
Izarren partida izan zen Errekaren Eguneko ekitaldi nagusia, baina aitzinetik eta ondotik ere bertze hainbat izan ziren. Larunbat goizean, Errekako ttikienen eskubaloi taldeak aritu ziren eta eguerdian bere erakustaldia eskaini zuen Oskar Mindegiak eta Noelia Ariztiak gidatzen duten judo eskolak. Arratsean, afaria izan zen Santa Luzia plazan eta gaua aunitz luzatu zen, DJ Luismiren doinuen laguntzarekin.
Bezperan ere, ortziralean, Iñaki Mangado eta Josu Juanenak Marokoko Atlasera egindako bidaiaren ikusentzunekoa ikusgai izan zen zineman eta mus txapelketan 35 bikotek parte hartu zuten. Finalean, Liborio Ariztiak eta Fermin Jorajuriak irabazi zieten Mateo eta Txirriri. Zarbo Ibarrolak antolatu zuen Formula 1 simulatzaileak ere arrakasta izan zuen.