Buruz buruko hasierako fasea eta Gipuzkoako erremonte txapelketak larunbatean hasiko dira

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 8a

Buruz buruko txapelketako hasierako fasea jokatuko duten erremontelarietako batzuk. Oriamendi 2010

Kutxa txapelketako hasiera fase horretan 14 pilotari ariko dira, txapelketa nagusirako txartel baten bila

Ekainaren 9an, larunbatean abiatuko da erremonteko txapelketarik garrantzitsuena, buruz buruko Kutxa txapelketa. Edo zehatzago errateko, txapelketa horretan sartu ahal izateko aitzineko fasea jokatuko dute hamalau pilotarik.

Ekainaren 9an, larunbatean abiatuko da erremonteko txapelketarik garrantzitsuena, buruz buruko Kutxa txapelketa. Edo zehatzago errateko, txapelketa horretan sartu ahal izateko aitzineko fasea jokatuko dute hamalau pilotarik.

Lau adarretan banatutako hamalau erremontelarik jokatuko dute txapelketa aitzineko fasea, txapelketarako txartel baten bila. Iaz baino pilotari guttiago ariko dira. Izan ere, iaz Etxeberria III.ak bakarrik egin zion uko txapelketan parte hartzeari eta aurten, doneztebarraz gain, Urko, Juanmartiñena, Saldias, Zubiri, Zubizarreta, Zulaika, Matxin VI, Lizaso eta Urrutia II ez dira ariko.

Lehenbiziko adarrean, lehen partida ekainaren 16an jokatuko dute Endika eta Agirresarobek eta irabazlearen esperoan izanen da Juaristi.

Bigarren adarra ekainaren 14an abiatuko da, Etxeberria IV eta Olazarren arteko norgehiagokarekin. Irabazleak, iaz hasierako fase hau irabazi eta gero txapelketa ona egin zuen Utergaren kontra jokatu beharko du.

Hirugarren adarrak partida bat gehiago izanen du eta ekainaren 9an, larunbatean abiatuko da Oñatz eta Aizpuruaren arteko partidarekin. Irabazleak Ionen kontra jokatuko du hilaren 23an eta bigarren partida hori irabazten duenaren esperoan izanen da Agirrezabala.

Laugarren adarrean ere hiru partida jokatuko dira eta estraineko partida ekainaren 21ean jokatuko dute Etxabe II eta Barrenetxea IV.ak. Irabazleak Matxinen III.aren kontra jokatuko du eta eskaileraren azken koxkan, Urtasun izanen da esperoan.

Lehenbiziko eta bigarren adarreko irabazleek finalerdi bat jokatuko dute elkarren kontra eta hirugarren eta laugarrenekoek bertzea. Hasierako fase honen finala uztailaren 28an jokatuko da eta irabazleak Kutxa txapelketa jokatzeko aukera izanen du.

 

Gipuzkoako txapelketa

Gipuzkoako Foru Aldundiak (Aitor Sarriegi kirol zuzendariaren eskutik) eta Euskal Jai berri Erremonte Fundazioak (Jaime Agirre zuzendariaren eskutik) Gipuzkoako Erremonte Torneoa 2012 aurkeztu zuten ekainaren 6an Diputazioaren egoitzan Donostian. Hauekin batera izan ziren Torneoko babesle diren Gipuzkoako Federazioa (Patxi Jauregi lehendakaria) eta Francis Sistiaga, Oriamendi2010 erremonte enpresako arduraduna, parte hartuko duten pilotariekin batera.

Torneoan, punta-puntako hiru bikote ariko dira lehian: Zeberio II-Ion (Binakako txapeldunak), Urriza-Etxeberria III eta Etxabe II-San Miguel.

Lehendabizi hiru partidaz osatutako ligaxka bat jokatuko da Lazkao, Segura eta Amezketako frontoi txikietan eta lehendabiziko bi sailkatuak finala jokatuko dute Zestoan.

Txapelketa ekainaren 9an hasiko da Lazkaon, 11:00etan, eta bertan Zeberio II-Ion, Urriza-Etxeberria III-ren aurka ariko dira.

Bigarren jardunaldia Seguran jokatuko da, ekainaren 15ean, ostiralean 22:30ean hasita. Zeberio II-Ion, Etxabe II-San Miguelen aurka.

Ligaxkari ekainaren 24an, igandean emango zaio amaiera, Amezketan. 12:00etatik aurrera Urriza eta Etxeberria III-ak Etxabe II eta San Miguel izanen dituzte aurrez aurre.

Final nagusia San Pedro egunez, ekainaren 29an, ostiralean, jokatuko da Zestoan 22:30etik aurrera. Bertan ligaxkako bi hoberenak jardungo dira eta partida Navarra TV-ek eskainiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun