Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen duen Nafarroako Bertso Eskolen Eguna ekainaren 9an, larunbatean ospatuko da Larraintzarreko ikastetxeko aretoan. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari txapelketa ere bertan erabakiko da, 14 urte arteko eta 14 eta 18 urte arteko kategorietan.
Larunbat goizeko 10:30ean ongietorria eskainiko zaie partehartzaileei eta 11:00etan, 14 urte artekoen Eskolarteko Bertsolari txapelketa jokatuko da. Hameka bertsolari ariko dira eta horietatik zortzi leitzarrak izanen dira: Joanes Ilarregi, Xabat Ilarregi, Beñat Altzelai, Saioa Mateorena, Oiher Altzelai, Alai Arozena, Leire Erbiti eta Pello Usabiaga. Iruñeko Amaiur Gindeo eta Berriozarko Unai Muro eta Julen Mailharin ere ariko dira Hasieran 4 oinak emanda bertso bana, gaia emanda bertso bana eta hitza emanda bertso bana osatu beharko dute eta sei bertsolarik pasatuko dute hasierako galbahea. Horiek bertze bi ariketa egin beharko dituzte: gaia emanda bertso bana eta zortziko ttikian ofizioka bina bertso. Joxema Leitza eta Xabier Terreros izanen dituzte epaile eta Iker Gorosterrazu aurkezle.
Bazkalondoan, 14-18 urte artekoen txapelketa
Ttikienen txapelketaren ondotik, 13:00etan bazkaria izanen dute eta 14:00etan jolasak. 16:00etan, 14 eta 18 urte bitartekoen Eskolarteko Bertsolari txapelketa jokatuko da. Kasu honetan 9 bertsolari ariko dira: Maialen Lopez (Lesaka), Haizea Beruete (Iruñea), Idoia Saez (Iruñea), Eider Azkoaga(Iruñea), Amaia Elizagoien (Oronoz), Sukil Etxenike (Doneztebe), Mikel Lasarte (Barañain), Sarai Robles (Barañain) eta Manex Mailharin (Berriozar). Gai orokorrarekin gehienez 5 oineko bertso bat osatu beharkodute, 4 oinak emanda bertso bat, bukaera emanda bertso bat eta hitza emanda bertso bat. Galbahe ondotik 4 bertsolari geldituko dira eta hauek zortziko ttikian ofizioka bina bertso eta kartzelakoan, puntua emanda bertso bat eta gaia emanda bakarka bertso bat osatu beharko dute. Nerea Bruño, Joxema Leitza eta Iñigo Ibarra izanen dira epaileak eta Saionara Barrena aurkezlea.