Aurtengo kurtsoan Mendi Abesbatzak 15 urte bete ditu eta bere partaideek ez dute ospatu gabe utzi nahi izan. Hori dela eta, ekainaren 16ean, larunbat arratsaldeko 20:30ean Doneztebeko elizan emanaldi berezia izanen da. Bertan abesbatzako kideez gain, Agorreta Musika Eskolako ikasle eta irakasleak, Doneztebeko Erreka Dantzari Taldea eta Mendi Abesbatzako zenbait kide ohi ariko dira eta emanaldia borobiltzeko, urte guzi hauetan zehar bildutako argazkiekin osaturiko bideotxo bat erakutsiko da estrainekoz.
Egitarauari dagokionez, 15 urte hauetan abesturiko doinu desberdinak biltzen saiatu dira, tartean Polifoniako zenbait kantu zein Folklore desberdinetako doinuak izanen direlarik. Agurra dantzariekin batera eginen dute, gero Pater Noster, Ave Maria, Ojos claros, serenos, Si tú no estás aquí, A Tu lado, Kitolis (dantzariekin batera), Xalbadorren heriotzean, Haurrak lotarazteko soinua, Aritz adarrean-Kattalin eta bukatzeko, Musika Eskolako abeslariekin batera Baratze bat, Herribehera eta Goizian argi hastian abestuko dute.
Bakarlariei dagokienez, sopranoak Alicia Telletxea, Bixi Ameztoy, Nerea Zelaieta eta Loli Salaberri izanen dira; kontraltoa Mari Sol Arraztoa; tenoreak Alberto Zunzarren eta Xalba Arriola; baritonoak Migel Mari Mariezkurrena eta Beñardo San Migel. Garbiñe Leiza izanen da pianojolea, Iñaki Dieguez soinujolea eta Agorreta Musika Eskolako ikasleak ariko dira txistua jotzen.
Eta eguna behar bezala bukatzeko, partaide guziek afari goxoa izanen dute urte guzi hauetako istorioak behar bezala gogoratu eta gozatzeko.