Lasarte-Oriako Alboka Abesbatzak emanaldia eskainiko du larunbatean Donezteben

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 6a

Mendi Abesbatzak 15. urteurreneko emanaldi berezia eskainiko du ekainaren 16an

Larunbat honetan, ekainaren 9an, Gipuzkoako Lasarte-Oriatik etorritako Alboka Abesbatzak bere kontzertua eskainiko du Donezteben. Hitzordua herriko Elizan, arratsaldeko 20:30ean izanen da.

Larunbat honetan, ekainaren 9an, Gipuzkoako Lasarte-Oriatik etorritako Alboka Abesbatzak bere kontzertua eskainiko du Donezteben. Hitzordua herriko Elizan, arratsaldeko 20:30ean izanen da.

Abesbatza hau 1988an sortu zen eta zinez ibilbide emankorra du, hainbat nazioarteko errekonozimendu tartean: Norbegian, Txekian eta Portugalen erraterako. Egun bi zuzendari ditu, Kristina Pérez Abreu eta Montse Latorre, biak hala biak gazteak izanagatik, abesbatzen munduan ibilbide garrantzitsuak dituztenak. Abesbatzak eskainiko dituen obrak hainbat tankerakoak izanen dira, tartean Brahms eta H. Eslava handiak, Eric Whitacre gaztea eta Aranbururen nahiz Guerreroren euskal doinuak entzunen direlarik.

Kontzertua Doneztebeko Mendi Abesbatzarekin eginen duten elkartrukearen lehendabiziko urratsa izanen da, eta hori dela eta kontzertuari herriko abesbatzak emanen dio hasiera bi doinurekin. Modu berean, bukaeran bi abesbatzek elkarrekin Maitia Nun Zira eta Kantuz eskainiko dituzte.

 

Mendi Abesbatzaren 15. Urteurrena

Ikasturte honetan, hamabortz urte bete ditu Doneztebeko Mendi Abesbatzak eta koroko kideek ez dute ospatu gabe utzi nahi urteurrena. Hori dela eta, larunbatean zortzi, ekainaren 16an, emanaldi berezia eskainiko dute elizan, 20:30ean hasita. Abesbatzako kideez gain, Agorreta Musika Eskolako ikasle eta irakasleak, Erreka dantza taldea eta Mendi Abesbatzako zenbait kide ohi ariko dira eta emanaldia borobiltzeko, urte guzi hauetan guztietan bildutako argazkiekin osatutako bideo bat erakutsiko da estrainekoz. Egitarauari dagokionez, hamabortz urteotan abestutako doinuak biltzen saiatu dira, tartean Polifoniako zenbait kanta eta hainbat folkloretako doinuak: Xalbadorren Heriotzean, Baratze bat, Sarasolaren Pater Noster, A Tu Lado, Kitolis, Herribehera zein Goizian Argia Hastean...

Eguna behar bezala akitzeko, partaide guziek afari goxoa izanen dute, urte hauetako istorioak behar bezala gogoratu eta gozatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun