Lekarozko enpresen kanpuseko eraikin berria inauguratzera etortzekoa zen Yolanda Barcina. Nafarroako Gobernuko presidentea ekainaren 5ean, astearte arratsaldeaan. Hori baliatuz, Baztan Bidasoako Eskolen talde eragileak murrizketen kontra protesta egiteko Lekarozera joateko deia egin zuen. Azkenean, “agenda arazoak” medio, Barcina ez zen etorri, baina Lourdes Goicoechea, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen kontseilariak ederki aditu eta ikusi behar izan zituen ikasle, irakasle eta gurasoen protestak.
Elizondoko Baztan Berri plazatik oinez elkarrekin Lekarozera joanak ziren ikasle, irakasle eta gurasoak, “murrizketen aintzinean gure desadostasuna azaltzeko, gure amorrua berari helaraziz, protesta zaratatsu baten bidez”. Honela, txilibitu, kazula, zartain eta bertze hainbat tresna eraman zituzten, beraien ezinegona azaltzeko.
Pankartek ere ederki erakusten zuten protestaren nondik norakoa. “Murrizketarik ez! Eskola publikoaren alde” zioen Doneztebeko Mendaur Bigarren Hezkuntza Institutukoak; “Eskola publikoan kaleratzerik ez!” Bortzirietako eskolenak; “Kalitatezko haur eskolaren alde” bertze batek…
Foruzaingoak errepide bazterrera eraman zituen protesta egiten zutenak, baina protesta ikusgarria eta entzungarria egin zuten Lekarozen.