Apiril hondarreko langabetu kopuru berbera zuen eskualdeak maiatzaren 31n, 1.258 zehazki. Garai hauetan ez dirudi datu txarra, baina aitzineko bi hilabeteetan beheiti egin zuela eta Nafarroa osoan langabeziak %2,66 beheiti egin duela kontuan hartuz, emaitza kaxkarra da. Nafarroako bulego guzietan beheiti egin du langabeziak, Doneztebekoan izan ezik.
Maiatzean 292 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 32 bakarrik mugagabeak.
Sexu eta arloen arabera gorabeherak
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 552 lagun daude langabezian, apirilean baino 22 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean, aldiz, 539tik 559ra igo da langabetu kopurua. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, 90etik 93ra igo da langabetu kopurua eta adin tarte horretako emakumeetan, aldiz, 55etik 54ra jautsi da.
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten eta lehengoaz gainera, maiatzean 755etik 774ra igo da langabetu kopurua. Industria arloan, aldiz, 223tik 215era jautsi da langabezian daudenen kopurua. Eraikuntzan ere 186tik 172ra jautsi da langabetu kopurua. Nekazaritzan lagun bat guttiago dago langabezian, 29, baina aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 68 lagun daude langabezian, apirilean baino 4 gehiago.