Ekainaren 9an Goizuetan ospatu den UEMA Egunarekin bat, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen batzarrak harrera egin die bost herri gehiagori: Ondarroa, Mañaria, Getaria, Igantzi eta Oñati. Horrez gain, UEMAk hitzarmena berritu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin, eta Soziolinguistika Klusterreko bazkide egin da. Berria egunkaria ere bidelagun izango du hurrengo urteetan, Berrialagun ere egin baita. Gainerakoan, Goizuetan izan da UEMA Eguna, eta festa giroa izan da nagusi herrian.
Azken asteetan bost udaletako osoko bilkurek UEMAren estatutuak onartu eta eskaera egin dute mankomunitateko kide izateko. Bost herri horiek UEMArekin bat egitean, 66 udal izango ditu UEMAk. Hartara, UEMAren batzar nagusiak 125 ordezkari politiko izanen ditu, eta, guztira, 162.000 biztanle inguruko lur gunea ordezkatuko du. Alkateek aste honetan jakinarazi dute iritzi artikulu baten bidez UEMAn sartzeko erabakia zergatik hartu duten.
Gainerakoan, batzarraz kanpo, UEMAk hiru erabakiren berri eman du: Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin hitzarmena sinatzea, Soziolinguistika Klusterreko bazkide izatea eta Berrialagun izatea.
Batetik, Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin hitzarmena berritu du. Aurretik, 2008an, hitzarmena sinatuta zeukaten bi erakundeek, eta, lau urteko eskarmentuan oinarrituta, edukiak findu eta hitzarmena berritzea erabaki dute UEMAk zein Behatokiak.
Bigarrenik, Soziolinguistika Klusterreko bazkide izatea azken urteetako elkarlanaren ondorioa da. Izan ere, bi erakundeak euskararen arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren gaiak ari dira lantzen, eta, ildo horretan, mugarri izan zen bi erakundeek elkarrekin antolatu zuten “Hizkuntza ekologia eta lurralde euskaldunak” topaketa.
Hirugarrenik, UEMAk euskarazko hedabideen aldeko apustua berretsi du, Berrialagun eginda, eta erabaki horri ere tartea eskaini dio UEMA Egunean.
Gainerakoan, festa giroan igaro da Goizuetan UEMA Eguna, eta adin guztietako euskaltzaleek zerekin gozatu izan dute: haurrentzako puzgarriekin, jokoekin eta tailerrekin; herri bazkariarekin, dantzaldiarekin, gaztetxeko kontzertuarekin…