Altxata elkarteak hogeigarren urtez antolatutako gasna eta artisauen feria eguna ospatu zen ekainaren 3an, igandean Etxalarren. Goizetik hasita, taloak prestatzen hasi ziren frontoian eta eskulangileak ere biltzen hasi ziren, 16 denera. Lehiaketara Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hogeita hiru gasna aurkeztu ziren eta horien dastatze lanean hasi ziren epaimahaiko kideak. Gasna erdiak izan zituzten dastatzeko eta bertze erdiak zozketarako jarri ziren, euro bateko txarteletan.
Plaza ingurua girotzeko, trikitilari eta perkusio taldeko haur eta gaztetxoek emanaldia eskaini zuten.
Ordubiak aldera, gasna lehiaketako epaimahaiaren erabakia jakinarazi zen plazan. Lehen saria, 120 eurokoa, Urdazubiko Etxelekua gasnategiko gasnarentzat izan zen. Bigarren saria, 90 euro, Arizkungo Baztangoa koperatibarentzat eta hirugarren saria, 75 euro, Etxalarko Intzekobordako Josetxo Ariztegik eskuratu zuen.
Herrikoei dagokienez, noski, 50 euroko lehen saria, berriz ere Josetxo Ariztegik eraman zuen Intzekobordara eta bigarrena, 30 euro, Bekozubiko Juana Mari Arburuarentzat izan zen. Gasna aurkeztu zuten guziek hamabina euro jaso zituzten.
Sari banaketaren ondotik, herri bazkaria izan zuten etxalartarrek eta arratsaldean herriko dantzariek bere saioa eskaini zuten.
Aipatzekoa da egun osoan Iriondoko sotoan lanabes eta baserriko tresna zaharren erakusketa zabalik izan zela eta Kultur Etxeko goiko aretoan, herriko kisulabeen argazki emanaldia ikusgai izan zen goizean, baita ikasturte honetan Iharrian herritarrek egindako margolanen erakusketa ere.