Osasun kontseilariak inguruan egindako bileren “erabilera alderdikoia” salatu dute zenbait alkatek

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 4a

Joan den ortziralean Doneztebeko Herriko Etxeko atarian murrizketen kontra azaldu ziren inguru honetako alkate eta hautetsiak. Utzitako argazkia

Berrantolaketa bezala saldu nahi dutena “murrizketa hutsa” dela diote Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek

Marta Vera Kontseilariak Osasun arloko murrizketen inguruan alkateekin egindako bileren ondotik zenbait argibide eman dituzte Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek. Jaime Iturriak, Marisol Tabernak eta Migel Mari Irigoienek «Gobernuaren eta UPNren erabilera alderdikoia» salatu dute eta argi utzi nahi izan dute osasun arloan egin nahi dutena ez dela berrantolaketa, murrizketa baizik.

Marta Vera Kontseilariak Osasun arloko murrizketen inguruan alkateekin egindako bileren ondotik zenbait argibide eman dituzte Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek. Jaime Iturriak, Marisol Tabernak eta Migel Mari Irigoienek «Gobernuaren eta UPNren erabilera alderdikoia» salatu dute eta argi utzi nahi izan dute osasun arloan egin nahi dutena ez dela berrantolaketa, murrizketa baizik.

Nafarroako Gobernua, eta bereziki UPN, osasun murrizketen berri emateko egiten ari den bileren erabilpen politikoa eta manipulazioa salatu dute lehenik hiru alkateek bere idatzian. «Batetik, hagitz larria iruditzen zaigu Osasun Sailburuak udalekin bilerak deitzea eta udalen ordezkaritza mugatzen duen bitartean alderdikideei inolako arrazoi teknikorik gabe bertan egoten uztea. Hainbat udal ordezkariri sarrera debekatu zaien bitartean, UPNko kide bati bertan egoten utzi zaio, Kontseilariaren alderdi berekoa denaren aitzakian». Ondorioz, udalei azalpenak emateko eskualdean antolatutako bilera hauetan bere alderdikideen babesa bilatu du Kontseilariak, eta aldiz, udalen ordezkaritza mugatu du, «agian jakin dakielako erranen duena gezurra dela, eta beraz, kritika murriztu nahi duelako, bertze gauza anitz murrizten duten bezalaxe», alkateen erranetan.

Jarrera honen bertze argibide garbia izan daiteke eskualdean bi bileratan banatu izana ere. Aitzakia jende gutiagoko bilerak egitea izan da, baina azkenean hagitz azalpen orokorra izan da, eta ez du xehetasunik eman eskualdeko egoeraz. Modu berean, Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek ezin dute ulertu «Baztan-Bidasoa eskualdean hiru osasun-eremu egonik, eremu horietako herriak modu nahasian banatu izana bileretan».

Bertze aldetik, hiru alkate hauek garbi ikusten dute «eraginkortasuna bilatzen duen berrantolaketa saldu nahi digutena murrizketak bertzerik ez direla»”. Ados daude eraginkortasuna bilatu behar dela, baina ez ikuspegi ekonomikotik, Nafarroako Gobernuak egiten duen bezala. «Berrantolaketaren helburua hiritarrei zerbitzu hobea ematea behar luke», diote bere idatzian.

Alkateen erranetan, kasu honetan argi gelditu da xedea ez dela hori izan. «Berrantolaketa eraginkor bat egiteko profesionalen eta erabiltzaileen iritziak eta proposamenak kontutan hartu behar dira nahi eta nahi ez, eta ez da hori Gobernu honek egin duena», diote alkateek.

Murrizketak justifikatzeko kontseilariak «manipulazio eta gezur lotsagarriak» erabili dituela ere salatu dute. «Onartezina da beraien kudeaketaren porrota langile eta profesionalen bizkar egitea. Ezin dugu onartu osasun arloan lan egiten duten profesionalen ospe txarra bilatzea eta aldarrikatzea berrantolaketaren aurkezpen bileretan. Lotsagarria iruditzen zaigu Kontseilari andreak berrantolaketaz jantzi nahi dituen murrizketak justifikatzeko profesionalen soldatak, opor egunak eta profesionaltasuna kolokan jartzea».

Alkateek garbi daukate herritarren osasun arretak duela lehentasuna, eta lehentasun horri jarraituz zorrotz aztertuko dituztela Nafarroako Gobernuak eta UPN-k egiten duten aldaketa oro. «Lehentasuna herritarrek dutelako, ongi dakigu aurkezten zaigun hau ez dela berrantolaketa, murrizketa baizik». Eta lehentasuna herritarrek dutelako, jakin badakite, «profesionalen lanari esker orain arte osasun sistema eta lehen arreta martxan izan direla. Beraien esfortzuagatik ez balitz, eta kontuan izanda zeinen kudeaketa kaxkarra egin duen UPN-k, gauzak anitzez okerrago leudeke».

Idatzia bukatzeko, «gure eskualderako garapenerako elkarlanerako prest izanen gaitu beti Gobernuak, zintzotasunez jokatuz gero, eta inolako erabilera alderdikoirik eta manipulaziorik egin gabe» diote Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun