Eusko Label banakako aizkora txapelketako kategoria nagusiko finalean zein ariko diren jakina da eta ekainaren 2an, Idiazabalen jokatuko den finalerdian ezagutuko dira 23 urtez beheitiko eta 19 urtez beheitiko kategorietako finalistak.
Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan jokatuko dira bi kategoria horietako finalerdiak, larunbat goizeko 10:30etik aitzinera. 23 urtetik beheitiko kategorian hiru finalerdi jokatuko dira. Lehenbizikoan, Aratz Mugertza III mutrikuarra, Segoviako Jon Rodriguezen kontra ariko da. Bigarrenean, Ander Erasun aurtiztarra Ugaoko Aritz Irazabalen kontra ariko da eta azkenekoan, Oihan Larretxea beratarra Mikel Larrañaga azpeitiarraren kontra.
19 urtez beheitiko gazte mailan, Otsagabiko Iker Vicente eta Julen Larrea III izanen dira aurrez aurre. Dagoeneko Eneko Otañok eta Eneko Saralegik lortua dute kategoria honetan ekainaren 10ean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den finalerako txartela.