Eusko Label Banakako Aizkolarien Txapelketako finalak jokatuko dira ekainaren 10ean, igandearekin, Azpeitian. Hiru kategorietako finalak izanen dira: 19 urtez azpikoena, 23 urtez azpikoena eta Urrezko Mailakoa.
Oraindik finalerdi guztiak jokatu gabeak dira eta beraz, lerro hauek idazterakoan ezin izan dugu jakin zein izanen diren finalista guztiak.
19 urtez azpikoen finalerdia, joan den igandean, maiatzak 27, jokatzekoa zen Lagranen Iker Vicente eta Julen Larrea II.aren artean. Horien artean irabazleak finala Eneko Otaño eta Eneko Saralegirekin jokatuko du.
23 urtez azpikoetan, asteburu honetan jokatuko dira finalistak erabakitzeko kanporaketak. Alde batetik, Jon Rodriguez II.a eta Aratz Mugertza III.a ariko dira; bertzetik, Ander Erasun eta Aritz Irazabal eta azkenik, Mikel Larrañaga eta Oihan Larretxea. Finala hiru saio horietako irabazleek jokatuko dute.
Urrezko Mailan dagoeneko erabakia dago zein diren finalistak, baina lerro hauek idazterakoan Floren Nazabal zen baieztatutako izen bakarra. Bertze bi finalistak Lagranen jokatutako bi kanporaketetako irabazleak dira.
Eskualdeko aizkolariak
Ez dira gutti izan banakako txapelketa honetan parte hartu duten eskualdeko aizkolariak eta guztiek merezi dute aipamena: Joxean Etxeberria II.a (Ziga), Ruben Saralegi (Leitza), Oihan Larretxea (Bera), Ander Erasun (Aurtitz), Eneko Saralegi (Leitza), Xabier Mindegia (Beintza-Labaien), Jon Rekondo (Leitza) eta Donato Larretxea (Arantza).