Berako Abesbatzaren 25. urteurreneko egun handia ekainaren 3an ospatuko da

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 31

Berako Abesbatzak Zilarrezko Ezteiak ospatzeko emanaldi berezia antolatu du iganderako. Utzitako argazkia

Igande goizean musikariak karrikaz karrika ibiliko dira eta eguerdian emanaldi berezia eskainiko da Herriko Etxeko Plazan

Lehendik ere kontzertua eta erakusketa eskaini baditu ere, Berako Abesbatzaren 25. urteurreneko besta haundia igandean, ekainak 3, eginen da eta horretarako egitarau zabala prestatu dute, Zalain jatetxean eginen den bazkariarekin borobilduko dena.

Lehendik ere kontzertua eta erakusketa eskaini baditu ere, Berako Abesbatzaren 25. urteurreneko besta haundia igandean, ekainak 3, eginen da eta horretarako egitarau zabala prestatu dute, Zalain jatetxean eginen den bazkariarekin borobilduko dena.

Igande goizeko 11:00etatik aitzinera, musika taldeak karriketan ibiliko dira. Agerratik Herriko etxeko plazara Irats taldearen eskutik, Illekuetatik Eztegarara Musika Eskolako txistulariak eta Itzeatik Legiara, Musika eskolako musikariak ibiliko dira.

11:30ean Altzatetik Herriko Etxeko Plazara joanen dira, Erraldoi konpartsa eta Bera eta Lesakako musikariek osatu duten gaitero talde berriak lagunduta.

12:30ean Herriko Etxeko Plazan elkartuko dira eta kalejiran parte hartu duen talde bakoitzak pieza bat eskainiko du. Erraldoiek ere dantzatuko dute, gaiteroen musikaz lagunduta.

12:45ean ekitaldi nagusia hasiko da. Gure Txokoako dantzariek ohorezko Aurreskua eskainiko diote Abesbatzari eta Julen Zelaieta eta Patxi Castillo bertsolariek ongietorria eman ondotik, Berako Abesbatza­koek Agurra kantatuko dute Gure Txokoako dan­tzariek dantzatu bitartean.

Hori bukatuta, Abesbatzak segituko du, eta bakarka Kantuz eta The Lyon sleeps tonight kantuak abestuko dituzte; koroko kide ohiekin batera, berriz, Binbili bonbolo eta Ilunabarra kantatuko dituzte; hauei, jubilatuen abesbatzakoak eta Musika Bandakoak gehituko zaizkie, Baldorba kantatzerakoan.

Gero, Abesbatzak txistulariekin batera Mendigoizaleak eta Gabiltzan kalez kale kantatuko dute eta koralak musika bandarekin Jaialdia kantatuko du, emanaldia bukatzeko. Euria eginen balu, ekitaldia Altzateko frontoian eginen litzateke. Ospakizuna borobiltzeko, 120 lagun baino gehiago espero dituzte Zalainen eginen den bazkarian.

Aipatzekoa da Zilarrezko Ezteien ospakizuna dela-eta Abesbatzak grabatu duen CDa 6 eurotan erosten ahal dela prentsa saltzen duten dendetan, Xuga eta Errekalde ostatuetan eta inguru honetako Rural Kutxako bulegoetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun