Ekainaren 3ean, igande goizeko 09:30etik aitzinera jokatuko dira Doneztebeko pilotalekuan Josetxo Ezkurra zenaren omenez Txaruta elkarteak hogeita bigarren urtez antolatutako pilota txapelketaren finalak. Martxoaren 3an abiatu zen txapelketa eta 286 pilotarik hartu dute parte.
Txikien mailan (aurrebenjaminak) 28 pilotari aritu dira, umeen mailan (benjaminak) 64, kimuak mailan (alebinak) 66, haurren mailan (infantilak) 42, kadete mailan 54 eta gazte mailan (jubenilak) 32. Igandeko finalak ttikienaz aurrera jokatuko dira.
Honela, txikien mailan, Elizondoko Oihan Obregozo eta Ibai Bailarena, Oronoz Mugairiko Miren Altxu eta Txomin Altxuren kontra ariko dira; Umeak B mailan, Andoaingo Eñaut Irazu eta Belaunzaran, Lesakako Aritz Otxoteko eta Asier Larralderen kontra; Umeak A mailan, Arbizuko Igoa eta Mariñelarena, Elizondoko Unax Apeztegia eta Zubiriko Aingeru de la Fuenteren kontra; Kimuak B mailan, Ultzamako Ioar Lopez eta David Torres, Lazkaoko Baztarrika eta Gelbenzuren kontra; Kimuak A mailan, Usurbilgo Aranguren eta Igantziko Enaitz Telletxea, Zizurko Arribillaga eta Goizuetako Antton Apezetxearen kontra; Haurrak B mailan, Larraintzarko Andoni Gaskue eta Elizondoko Aritz Merino, Oiartzungo Aitor Leonet eta Ekai Etxeberriaren kontra; Haurrak A mailan, Andoaingo Oiarbide eta Aizpuru, Oronozko Enaitz Antso eta Iker Espelosinen kontra; Kadete B mailan, Zubietako Beñat Etxekolonea eta Urrozko Jabier Saldias, Uharteko Garatea eta Ultzamako Ander Oiaregiren kontra; Kadete A mailan, Narbarteko David Albiasu eta Elizondoko Sergio Oskoz, Donibaneko Joanes Bakaikoa eta Iruñeko Ruben Medinaren kontra eta gazte mailan, azkenik, Iturengo Arkaitz Untxalo eta Iruritako Joseba Apeztegia, Andoaingo Loitegi eta Otañoren kontra.