Naia Lacroixek gose greba utzi du hitza eman diotelako ez dela gehiago bakarrik izanen

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 30a

Hainbat lagunek parte hartu zuten maiatzaren 22an egindako agerraldian. Utzitako argazkia

Naia Lacroix euskal presoak utzi egin dio gose grebari, Fran­tziako espetxe­ arduradunek bakartze egoeratik aterako dutela erran diotelako. Maiatzaren 14an hasi zuen baraua, Bordeleko kar­tzelan, eta orain Dijongora eramanen dute laster. Hau da, isola­mendutik ateratzearen truke Euskal Herritik oraindik ere gehiago­ urrunduko dute presoa. Haren egoera salatzeko preso batzuek eta herritarrek mobili­zazioak egin dituzte. Erraterako, hamarka­ lagunek parte hartu zuten maiatzaren 22an Lacroixen egoera salatzeko Herri­ra mugimenduak antolatu agerraldian. Bertze hainbat hautetsirekin batera, Christine Bessonart auzapeza izan zen.

Euskal Herritik 850 kilometrotara dagoen espetxe horretan ez dela orain arte euskal presorik izan oroitarazi zuten agerraldian. Beraz, Lacroix bertara eraman eta gero, beste euskal preso bat mugitu beharko dute Dijon-era, Senpereko presoari emandako hitza bete nahi badute. Janine Beyrie Etxerat elkarteko ordezkariak ez zuen ezkutatu espetxe agintariek kasu honetan hartu duten erabakiak zapore gazi-gozoa uzten duela. «Beste bi familia ehunka kilometro egitera behartuak direla» nabarmendu zuen. Isolamendua eta urruntasuna baliatzen dituen politika horrekin bukatzeko ezinbertzekotzat jo zuen auzapezak bezala, «beste tokiko hautetsiek engaiamendu har dezatela bidegabakeria honekin bukatzeko». Emilie Martin Herrira mugimendukoak, berriz, «presoak Euskal Herrian lehenbailehen batzea eta dispertsio politika onertezinarekin ez segitzea» galdegin zion frantses estatuari.­

Bessonart auzapezak Euskal Herriak bizi duen «itxaropen garaian» horrelako jokabideak ulergaitzak egiten zaizkiola aitortu­ zuen. Naia gazteari dagokion errugabetasun-presuntzioa aldarri­katuz, «baretze aldera» keinuen beharrean gaudela uste du Euskal Herriko Hautetsien Biltzarreko buru ere den Bessonartek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun