Ezintasuna dutenak bainuetxeetara joateko dirulaguntzak izanen dira

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 30a

Uztailetik aitzinera hainbat plaza eskainiko dira Elgorriagako bainuetxean. Artxiboko argazkia

Ekainaren 7an bukatuko da eskaintzak aurkezteko epea

Bainuetxe Programan parte hartu nahi duten ezinduei dirulagun­tzak emanen dizkie Nafarroako Gobernuak. Horretarako deialdia egin du eta 300 plaza eskainiko ditu Fitero eta Elgorriagako bainue­txeetan, 150 plaza ezinduen­tzako eta ber­tze 150 plaza hauen laguntzaileentzako.

Guztira 120.000 euro bideratuko ditu Gobernuak programa honetara eta dirulagun­tzaren barne, alojamendua eta egonaldia mantenu osoarekin eskainiko dira. Hamabi egun eta hamaika gauetako txandak izanen dira, uztailean hasi eta urrira bitarte.

Dirulaguntza hau eskatzeko %65­eko ezintasuna edo haundiagoa eduki beharko du eta 12 eta 59 urte artean izan. Laguntzaile bat izan beharko dute ondoan, 18 urtetik goitikoa eta menpekotasunik ez duena. Gisa berean, guttienez bi urteko antzinatasunarekin Nafarroan erroldatua izatea ere ezinbertzekoa izanen da eta zergak ordaintzea ere bai.

 

Txandak

Uztailaren 16tik 27ra Elgorriagako Bainuetxean egoteko plazak izanen dira, uztailaren 27tik abuztuaren 7ra Fiteron, uztailaren 30etik abuz­tuaren 10era Elgorriagan, abuztuaren 13tik 25era Elgorriagan, abuztuaren 27tik irailaren 7ra Elgorriagan, abuztuaren 29tik irailaren 9ra Fiteron, irailaren 10etik 22ra Elgorriagan, irailaren 24tik urriaren 5era Elgorriagan eta urria­ren 15etik 26ra Elgoriagan.

Eskaerak egiteko epea ekainaren 7an bukatuko da. Eskaera orriak­ edo deialdiaren informazio gehiago nahi izatera Nafarroako Menpekotasunaren Agent­zian daude eskura, Iruñean, edo Oina­rrizko Gizarte Zerbitzuetan ere bai. Telefonoz ere egin daiteke kon­tsulta: 902 165170.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun