Ikastetxe publikoetako irakasleak grebara deituak daude ortzegunerako

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 30a

Baztango herrietako eskoletako ikasle, irakasle eta gurasoak pankartarekin joan ziren Iruñeara maiatzaren 22an. Xabi Ballarena

Sindikatuek deitutako hirugarren greba eguna da

Espainiako Gobernuak Hezkuntzan egin nahi dituen murrizketak Nafarroan indarrean paratu­ko direla iragarria du Nafarroako Gobernuak eta neurri horien kontra mobilizazioak egiten ari dira Nafarroako ikaste­txe publikoetako langileak. Sindikatuen ge­hien­goak hiru greba egun deitu dituzte eta horietan lehenbizikoa maia­tzaren 22an egin zuten.

Sindika­tuen arabera, %75ek baino gehiagok bat egin zuten lehenbiziko greba egunarekin, aldiz, Nafa­rroako Gobernuak erran zuenez, %48,8koa izan zen. Ikasle eta gurasoek ere babes haundia eman zioten irakasleen lanuzteari. Manifestazio jendetsuena Iruñean egin zuten, 12.000 lagunetik goitik parte hartu baitzuten sindika­tuen arabera. Eskual­deko­ ikastetxeetako irakasle, guraso eta ikasleak ere Iruñean izan ziren. Eskualdean, LAB­en arabera, Doneztebeko eskolan grebaren ja­rrai­pena %80koa izan zen eta institutuan %85ekoa; Saldiasen %50ekoa eta Bera, Lesaka eta Oronozko eskoletan %100­ekoa; Leitzako institutuan %93koa izan zen eta Berakoan %52koa.

ELAren arabera, esko­la hauetan egin zen greba Baztanen. Arraiozen hiru irakasletik bik egin zu­ten; Elizondoko Lanbide Eskolan 27tik zazpik; San Fran­cisco Jabier eskolan 31tik seik, Erratzun lautik batek; Iruritan 11tik seik, Lekaroz­ko institutuan 64tik 29k, Zigan bitik batek eta Zuga­rra­murdin zazpitik batek.

 

Protesta gehiago

Maiatzaren 22ko greba egunarekin batera, 29koa eta ortzegun honetakoa, 31, dira hezkun­tzako sindikatuek deitutako ber­tze bi greba egunak. Gisa berean, hilabete honen 24, 25 eta 28an Hez­kuntza Sailaren aitzinean elkarretaratzeak egin dituzte, eta eskualdean, ikastetxez ikaste­txe protestak egiten ari dira egunero ez bada asteko egun gehienetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun