Suhiltzaile boluntarioen parkeek Nafarroako babes zibileko sistemarekin duten atxikimendua berritzeko hitzarmena sinatu zuten maiatzaren 14an. Sinadura ekitaldian, Roberto Jimenez Nafarroako Gobernuko presidenteordea eta Presidentzia, Toki Administrazio eta Barne kontseilariarekin batera, Marisol Taberna Berako alkatea, Pablo Miranda Goizuetako alkatea, Peio Etxabide Lesakako alkatea, Aitor Etxarri Leitzako zinegotzia eta Agoitz, Izaba eta Luzaideko alkateak izan ziren.
Gobernuak aurten 120.000 euro bideratu ditu suhiltzaile parke hauek finantzatzeko. Zehazki, Agoitz, Bera, Leitza eta Lesakako udalek 16.500na euro jaso dituzte, Luzaidekoak 17.000 euro, Izabakoak 18.000 euro eta Goizuetakoak 18.500 euro, gastu arruntei eta material inbertsio ttikiei aurre egiteko.
Parke hauek profesionalen parkeak dauden herrietatik urruti daude eta horrek larrialdi baten aitzinean erantzuteko denbora luzatuko luke. Iaz, zazpi parkeotan 124 suhiltzaile boluntario aritu ziren eta 485 interbentziotan parte hartu zuten.