Joan den urtean Elizondon egin zuten bezala, aurten Euskal Herrian mintzapraktikan ari diren berbalagunak, mintzalagunak, solaslagunak eta gainerakoak Santurtzin elkartuko dira larunbat honetan, ekainak 2. Aipatzekoa da, 3.600 lagunetik goiti direla Euskal Herriko 65 herri eta hiritan Solaslaguna ekimenean parte hartzen dutenak eta horietako batzuk eskualdean biltzen dira.
Larunbatean, 11:00etan elkartuko dira Santurtziko portuan eta egun osoko egitaraua prestatu dute Mingainak dantzan lelopean. Eskualdetik Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako Solaslagunendako eta euskaldun guztiendako harat joateko autobusa antolatu dute debalde. 08:00etan abiatuko da Elizondoko autobus geltokitik eta Doneztebeko autobus geltokian eta Berako Euskalduna jatetxearen parean geldialdiak eginen ditu. Santurtzitik 20:00etan eginen du buelta. Hala ere, autobuserako jendea apuntatuko ez balitz, taxiz joatea aurreikusia dute.
Bazkarirako txartelak ere salgai egon dira eskualdean, baina maiatzaren 23a akitu zen erosteko epea.
DATUA
3.600 LAGUNETIK GOITI dira Euskal Herrian Solaslaguna ekimenean parte hartzen dutenak.